PSNren Iruñeko udal taldeak azalpenak eskatuko ditu Hiritarren Auzietarako Batzordean, Tximeleta taldeak iragan larunbatean Burguen plazan eskainitako kontzertuari buruz. Zehazki, taldea kontratatzeko tenorean "udalak aplikatutako irizpideez" eta emanaldiaren kostuaz galdetuko dio Maite Esporrin zinegotziak udal gobernu taldeari.
Izan ere, PSNko ordezkariaren ustez, terrorismoarekin lotura zuzena duen taldea da Tximeleta: "Bildurekin eta ezker abertzalearekin erabat identifikatuta dagoen taldea da, eta bere hitzetan eta kantuetan gorazarre egiten diete Iruñeko alkatearen udal taldearen ideiei, bai eta ETA talde terroristako presoen ideiei ere", azaldu du PSNren udal taldeak ohar batean.
Are gehiago: "Iruindar guztion zergak erabiliz ETAren terrorismoari lotutako pertsonen omenezko ekitaldiak onartzea, babestea eta sustatzea" leporatzen diote Joseba Asiron alkateari.