TIL eredua hirukoiztu egin da eta D ereduak gora egin du Nafarroan

104.590 ikaslek hasi dute Nafarroan hezkuntza ez-unibertsitarioa 2010-2011ko ikasturtean, hirutik bik sare publikoan

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko irailaren 18a
00:00
Entzun
2010-2011ko ikasturteko matrikulazio datuak kaleratu ditu Nafarroako Gobernuak, eta ondorioa argia da: erdara hutsezko ereduak mantendu egin dira, A ereduak mila ikasle inguru galdu dituen arren; TIL ereduak (hizkuntza tratamendu integratua) iazko datuak hirukoiztu ditu, eta D ereduak gora egin du, izan ere, iaz baino ia 500 ikasle gehiagok ikasiko baitute euskara hutsean. Guztira, 104.590 ikasle arituko dira aurten hezkuntza ez-unibertsitarioan, iaz baino %1,53 gehiago.

Hala ere, atzoko datu bildumak badu gabezia nabarmen bat: gobernuak ez ditu ezagutzera eman ikasle berriek hautatu duten eredua, eta horrela zaila da eredu bakoitzak duen joera aztertu ahal izatea. 3 urteko 4.163 ikaslek ekin diote ikasturte berriari, eta horietatik 1.062 (%25,51) programa eleaniztunetan arituko direla nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Ez du zehaztu beste ezer, ordea, eta ez ditu eman datuak ereduka. Aurrematrikulazio datuen arabera, 1.745 ikaslek aukeratu zuten D eredua eskola publiko zein itunpekoetan. Beraz, matrikulazio berrietan D ereduak behera egin ote duen ezin da baieztatu, ezta ingelesezko ereduak D ereduan eragin kaltegarririk izan ote duen. Datu orokorrek, oraingoz, ez dute halakorik iradokitzen: TIL eredua indartzen ari bada ere, D ereduak eutsi egiten dio.

Sare publikoa nagusiki

Aurten ere sare publikoa aukeratu dute nagusiki ikasle nafarrek euren ikasketak egiteko, ia %66k hain zuzen ere, eta herrialdean dauden 242 ikastetxetan ikasiko dute. Hiru ikasletik batek itunpeko sarean ikasiko du, eta sare horretan orotara 70 ikastetxe daude.

Ikasle gehienak hezkuntzako lehen etapetan daude: 25.814 Haur Hezkuntzan, 38.849 Lehen Hezkuntzan, 25.517 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 8.134 Batxilergoan, 7.020 Lanbide Heziketan eta 461 Heziketa Berezian.

Ereduka aztertuta, G ereduan 47.086 ikasle ari dira (%45,01); A ereduan, 15.769, gehiengoa sare publikoan; ingelesezko TIL ereduan -2008an jarri zuten martxan-, 3.999 ikasle, guztiak sare publikoan; D ereduan, 23.059 ikasle, hirutik bi eskola publikoetan; eta B ereduan, 187, gehienak sare kontzertatuan.

Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariak berak kaleratu zituen datuak, eta nabarmendu zuen ikasturtea «normaltasun osoz» hasi dela, «salbuespen batzuk kenduta». «Gauzak ondo egiten ari garela baieztatu da eskola sartze honekin», azpimarratu zuen.

Bestelako datu sorta ere eskaini zuen, esaterako, zenbat irakasle arituko diren aurten sare bakoitzean. Hala, sare publikoak 7.752 irakasleren beharra izango duela kalkulatu du UPNren gobernuak, hau da, iaz baino 99 irakasle gehiago, eta sare pribatuan 2.352 irakasle arituko dira. Guztira, 10.104 irakasle. Beste era batera esanda: irakasle bakoitzeko zortzi ikasle.

Bestalde, eskola garraioa 11.629 ikasleri bermatuko diete. Hezkuntza Sailak 333 ibilbide zehaztu ditu, eta behar horiek asetzeko, 252 autobus eta 52 taxi jarriko ditu. 13 milioi pasatxo gastatuko ditu horretan, eta diru laguntzak ere banatuko ditu: 1.136.585 euro. Iaz, esaterako, 860 ikaslek jaso zuten laguntza hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.