Espainiako Gobernuaren aginduak ez du zentzurik. Segurtasun neurriak sekula baino handiagoak dira, eta erabakiaren atzean Marokoko Gobernuarekin dituen harremanak daude. Azken batean, Marokok egindako presioaren ondorioa da». Mundubat erakundeko Jesus Martin kooperantearen hitzak dira. Espainiako Gobernuak kooperanteei Tindufeko sahararren kanpalekuetatik (Aljeria) irteteko agindu zienean, han zen Martin. Iritzi berekoa da SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteko Jesus Garai. «Neurria bidegabea da» Biak asteartean itzuliko dira Tindufera. «Inoiz baino gogotsuago eta batuago goaz. Saharako herriarekiko konpromisoa etengabea da. Behar handia dute, eta Espainiako Gobernuaren erabakiak erantzun irmo bat behar du».
«Berehalakoan» bahiketa bat izango zela zioen informazioa zuela argudiatuta, Tindufeko kanpalekuetatik joateko agindu zien aurreko astean Espainiako Atzerri Ministerioak herritartasun espainiarra zuten kooperanteei. Martinek «tentsio handiko» uneak izan zirela nabarmendu du. «Oso gaizki egin zen; gainera, koordinazio gutxirekin».
Martini eta Garairi «ulertezina» egiten zaie erabakia. Azaldu dute Enric Gonyalons eta Ainhoa Fernandez kooperanteak aske utzi zituztenetik segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri dituztela Fronte Polisarioak eta Aljeriako Gobernuak. «Garai batean libreago mugi gintezkeen. Orain, berriz, ezin dugu hartu taxi bat , ezta autorik gidatu ere. Hango norbaitekin joan behar dugu. Leku batetik bestera joateko ere, kontrol batzuk pasatu behar ditugu, irtetean nahiz iristean. Segurtasuna handiagoa da», azaldu du Martinek. «Zentzuzkoa» iruditzen zaio segurtasuna handitzea. «Jakitun gara gure lanak baduela bere arriskua, eta halako neurriekin lasaiago lan egiten dugu. Gukere hartzen ditugu neurriak. Ez gara burugabeak», azaldu du. Arriskua Libia inguruko herrialdeetan dagoela azaldu dute. «Kanpalekuak mila kilometro ingurura daude», zehaztu du Garaik.
Gogorarazi du, gainera, herrialde askotako kooperanteak daudela han, eta beste gobernuek ez dutela halako neurririk hartu; Nazio Batuen Erakundeko langileek ere han jarraitzen dute. «Haientzat ez dago arriskurik? Somalian eta Afganistanen ere badira espainiar herritartasuna duten kooperanteak. Baina ez dute neurririk hartu. Zergatik?».
Agindua Fronte Polisarioarekin eta Aljeriako Gobernuarekinhitz egin gabe hartu izana ez dute egoki ikusten. «Sinesgarritasuna kentzen dio neurriari, haiek ondo baitakite hango egoeraren berri. Espainiako Gobernuak dio mahai tekniko bat sortu nahi dutela haiekin. Baina zer aurpegirekin joango dira hori eskatzera? Neurriak ez du ez hanka, ez buru».
Argi daukate neurriaren atzean Espainiak Marokorekin dituen harremanak daudela. «Marokoko hedabideak irakurtzea besterik ez dago. Laudorioak baino ez dizkiote bota Madrili. Argi daukagu horren atzean segurtasunari lotuta ez dauden arrazoi batzuk daudela: ziurrenik, Espainiak Marokon dituen interes ekonomiko eta geopolitikoak», Garairen arabera.
Garaik argi dauka helburua «beldurra eta zalantzak» sortzea dela. «Gobernuz kanpoko erakundeen lana oztopatu nahi dute, eta laguntza gutxitzea. Sahararren etorkizuna zoriaren esku utzi nahi dute». Espainiako Gobernuak kooperanteen erregistroa sortzeko asmoa ere ez du begi onez ikusten. «Kooperanteak gehiago kontrolatu nahi dituzte».
Marokoren «presioa»
Neurriek helburu politiko bat ere badutela uste du Martinek. «Egoera are gehiago okertzea nahi dute, eta Fronte Polisarioa behartu gaur egungo estatus politikoa onartzera. Marokoren aginduei men egitea nahi dute». Espainiako Gobernuak halako neurriekin jarraituko duen kezka du Garaik. «Gobernuak aginduari eman dion oihartzuna oso handia izan da. Ministroa bera atera zen neurriaren berri ematera. Horrek zerbait esan nahi du. Dena den, espero dugu gobernuz kanpoko erakundeon erantzun bateratu eta irmoak balio izatea atzera egiteko». Martinen irudiko, Marokoren nahien araberakoak izango dira etorkizuneko neurriak. «Marokoren presio politiko eta psikologikoaren baitan egongo da».
Elikadura, ura eta osasun arreta dira kanpalekuetan dituzten behar nagusiak, baina Martinek zehaztu du jan falta ere nabarmena dela. «Elikadurari lotutako nazioarteko agentziek eta programek ez dituzte betetzen konpromisoak, eta guk betetzen ditugu hutsune horiek. Nik parte hartzen dudan programan jan freskoa banatzeaz arduratzen gara: barazkiak, fruta, haragia... ».
Sahararrek asko estimatzen dute haien lana. «Alde egiteko aginduaren berri izan zutenean,asko kezkatu ziren. Badakite gure lana funtsezkoa dela. Elikagaiak emateaz gain, saharar batzuk ere ari dira gure programan lanean».
Martinek hiru hilabete egingo ditu kanpalekuetan, eta Garaik bost egun. Euskal herritarrei eta administrazioei eskatu diete eusteko sahararrekiko konpromiso eta elkartasunari. «Orain arte egin dute, eta ziur gaude etorkizunean ere horretan jarraituko dutela».
Tindufera, sekula baino gogotsuago
Espainiako Gobernuak kooperanteei Tindufeko kanpalekuetatik alde egiteko emandako agindua gaitzetsi egin dute han laguntzen ari diren erakundeek. Asteartean itzuliko dira hara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu