Ipar Euskal Herriak tokikokolektibitate bat behar duela ebatzi zuten atzo Baionan hautetsiek, eta bertan landu zuten dokumentua Parisera igorriko dute, Frantziako Senatuak azter dezan. Atzo bildu zen Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseiluaren barruan eraman gogoeta aztertu eta Ipar Euskal Herrirako gobernantza sistema sakontzeko. Abantzu hiru oren iraun zuen bilkuraren ondoren, xehetasun falta da nagusi, egitura baten beharrarekin batera.
Gogoeta abian da, eta, bozkatu arte, ez dago erraiterik zer hobesten duen Hautetsien Kontseiluak, izan dadin tokiko kolektibitatea, berezko lurralde elkargo bat, bertze egitura batean oinarrituko litzatekeen esperimentazio sistema edo eztabaiden ondorioz, gehieneko adostasuna lortzen duen egitura. Hautetsiek berek zalantza hori zuten bilkuratik ateratzean, eta zuhur aipatu zuten bilkuraren mamia. Bertze batzuk, Christine Aragon Baionako Kontseilari Nagusiak bezala, nahiago izan zuten irri bat egin eta deus ez erran, haien iritzia ez plazaratzeko.
«Hautetsi anitz falta ziren, baina erran nezake, bildu garenetan, gehiengo nagusiak tokiko kolektibitatearen alde egitea deliberatu duela», erran zuen Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Atzo eztabaidatu zuten testua Parisera igorriko dutela erran zuen, Senatuak azter dezan eta Ipar Euskal Herriaren gobernantzari buruzko proposamen bat egin dezan. Bilkuratik iritzi «baikorra» atera zuela azaldu zuen Lasserrek. Gaur berean atzo eztabaidatu duten testua zabalduko dutela jakinarazi zuen, Garapen Kontseiluaren bidez. Testua irailaren 13an eta 14an aztertu beharko dute, Baionan eta Pauen.
Alta, izan dadin eskuineko zein ezkerreko hautetsia, sistemari buruzko zalantzak nabarmenak dira. Horren adibide izan ziren Colette Capdevielle diputatu sozialistaren hitzak bilkura ondotik. «Nik Lasserrek bultzatzen duen tokiko kolektibitatearen aldeko proposamenarekin bat egiten dut, baina esperimentazio aukeretan oinarrituz, urrunago joatea proposatzen dut» erran zuen. Alta, bere jarrera pertsonala hori bada ere, onartu zuen bere hautesbarrutian hautetsi guztiek ez dutela horrekin bat egiten, eta gehiengoak onartzen duen proposamena, adostasun zabalena lortzen duena, onartu edo bultzatu beharko duela.
Adostasun horren beharra nabarmendu zuen Frantxua Maitia Akitaniako kontseilari eta kontseilari nagusiak. Ezin jakin bilkuran egon ez zirenen arrazoiek pisua duten edo ez, baina nabarmena izan zen eskuineko hautetsi anitzen falta, eta sozialisten presentzia nabarmena. Horren adibide, han izan ziren kontseilari nagusi eta Akitaniako kontseilari sozialista gehienak. Berdin diputatu sozialistak. Alta, Jean Lasalle laugarren hautes-barrutiko diputatu bearnesa ez zen bilkuran presente egon, ezta Max Brisson UMPko departamenduko burua. Bai, aldiz, Vincent Bru Kanboko auzapez eta kontseilari nagusia.
Oskola eta mamia
Ez da nahikoa izanen gobernantza sistema osatuko duen oskola zehaztea. Lurralde Elkargoa hobetsiko balute ere, horren mamia, egiturak ukanen lituzkeen eskumenak definitu eta adostu beharko lituzkete.
Testua aztertu ondoren, eta erabaki bat hartu aitzin, Pariseko gobernuak Ipar Euskal Herrira ordezkari bat bidaltzea proposatu zuen Maitiak, eskumen horien zehazte lanetan laguntza ekartzeko. «Han zen prefeta, eta ez du gogokoa izan ene proposamena, baina hautu politikoa egiteko, koadro berri bat eraikitzeko, gobernuaren laguntza beharko dugu», erran zuen Maitiak.
Atzoko bilkurak ez du bertzelako berrikuntzarik ekarri. Urrats bat izan da, gogoeta baten barruan. Eskumenak ere aipatu dituzte, hala nola ekonomia arlokoak, garraio arlokoak edo hizkuntza mailakoak. Departamenduaren eta Eskualdearen eskumenak ildo horren muga nabarmenak dira, ordea. Hori gainditzeko aipatu zuten esperimentazioaren aukera, Frantziako legeak 2003az geroztik baimentzen duena. Garapen Kontseiluan bultzatu gogoetan nabarmen azaldu zen oraingo egituraren segidak etsipena eraginen lukeela eta ez liekeela Ipar Euskal Herriaren beharrei ihardetsiko.
Tokiko Kolektibitatearen eskaria Frantziako senatura igorriko dute
Ipar Euskal Herriarentzat egitura egokia aztertzen segitzea deliberatu du Hautetsien Kontseiluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu