Geroan Ipar Euskal Herriak behar duen gobernantza sistemaaztertzeko bildu zen ostegunean Baionan Hautetsien Kontseilua, eta bilkura horretan agerian gelditu ziren sozialisten barruan Tokiko Kolektibitatearen proposamenak eragiten dituen zatiketak. Eskuineko hautetsi ugari ez ziren bilkurara joan, baina batzuek, Max Brissonek esaterako, haien bozkatzeko eskumena eman zieten bertze hautetsi batzuei. Ororen buru hiru puntuko testu bat onetsi zuten, Parisko Senatuak azter dezan. Hautetsien Kontseiluko kideak Angelun (Lapurdi) bilduko dira irailaren 13an testua aztertzeko, eta 14an Pauen aztertuko dute.
Hiru puntu ditu Hautetsien Kontseiluak ostegunean onartu zuten testuak: batetik, deszentralizazioaren hirugarren ataleko urratsak prestatzeko eskatzen dio Frantziako Senatuari, eta han aztertzeko Ipar Euskal Herriarentzat Tokiko Kolektibitate bat sortzeko aukera. Frantziak urrian aztertu eta ondoren eginen den deszentralizazio legean Euskal Herriarentzako atal bat aurreikus dezan eskatzen dio, orain arte egin diren gogoetak kontuan hartzeko eta ondoren egin beharko direnak bermatzeko. Gisa horretan, nabarmentzen dute sor daitezkeen erronkei ihardesteko egitura ukanen duela aurki edo luze gabe Ipar Euskal Herriak. Jakinarazten dute Hautetsien Kontseilua prest dagoela parte hartzeko Frantziako Gobernuak eginen dituen gogoeta eta urratsetan, Ipar Euskal Herriari zuzenean edo zeharka dagozkion alor guztietan. Testu hori Estatuaren Erreformarako eta Deszentralizaziorako ministro Marylise Lebranchuri aurkeztuko diote heldu den urriaren 11n Parisen.
Mamia zehazteko
Tokiko Kolektibitatea deitu ala Lurralde Elkargoa oskolaren inguruko eztabaida da. Funtsean, instituzio horrek ukanen dituen eskumenak eta baliabideak, erabakitzeko ahalmenak zehaztu gabe daude oraindik. Eta hala ere, sozialisten artean zatiketa nabarmena eragin zuen. Lurralde Elkargoaren aldarriak gizartearen oniritzi zabala erdietsi du, eta jarrera hori argi gelditu da Bateraren ekinbideetan. Garapen Kontseiluak proposamen hori hobetsi zuen uztailaren 17an egin bilkuran.
Osteguneko bilkuran sozialista batzuek «esperimentazioaren» aldeko proposamenak egin zituzten, batzuek egindako proposamenean urrunago joateko asmoz, bertze batzuek ahalmen horiek mugatzeko helburuz. Bertze batzuek, aldiz, orain artean indarrean zegoen Pays egituraren alde egin zuten. Proposamenak aitzinera egiteko aukerarik baldin badu, alderdi eta hautetsi guztien arteko adostasuna beharko du. Eztabaida indarrez pausatu bada, gizarteak sustaturik egin du. Pays egitura zaharrak ez ditu herritarren nahiak asetzen, ez haien beharrei ihardesten. Pentsatzekoa zen sozialistek jarrera bateratuko zutela osteguneko bilkura aitzin. 13an dute iritzia bateratzeko hautua eta erronka.
Tokiko kolektibitatearen proposamenak sozialisten arteko zatiketa erakutsi du
Hautetsien Kontseiluak Frantziako Senatuari igorriko dion testua aztertuko dute irailaren 13an Angelun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu