EUSKARA

Tolosak Ueman jarraituko du

Urtebetez behintzat jarraitzea erabaki du udal gobernuak, eta aurrekontuetan diru sail bat ere jarri du. Elkarlanerako ildoak zehaztu nahi dituzte datorren urtean.

Tolosan egin zuten Udalerri Euskaldunen Eguna iazko ekainean. GORKA RUBIO, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko abenduaren 16a
07:20
Entzun

Irailean sortu ziren zalantza handiak Tolosako Udalak (Gipuzkoa) Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean jarraituko ote zuen. Olatz Peon alkateak Tolosaldeko Ataria-ri emandako elkarrizketa batean kontrako iritzia eman baitzuen: "Uemak orain eskaintzen dituen zerbitzuekin, Tolosak ez luke barruan egon beharko".

Azken hilabeteetan hartu-emanak izan dituzte Uemak eta Tolosako Udalak. Uemak "Tolosara egokitutako proposamen zehatza" egin zion udalari, mankomunitateko iturriek azaldu dutenez. Proposamen horretan, Uemak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman zioten, eta elkarlanerako oinarriak proposatu zizkioten.

Udalean Euskara Batzordearen bilera zuten gaur, eta han jakinarazi du erabakia Jokin Azkue Euskara zinegotziak —Eusko Jaurlaritzako Euskara Normalizatzeko zuzendari nagusia ere bada—: beste urtebetez behintzat jarraituko du Tolosak Ueman. Aurrekontuetan diru sail bat sartu dute.

Urtebete horretan Uemarekin elkarlanean aritzeko bideak aztertuko dituzte.

Mugimendu handia
Tolosako Udala Uematik ateratzeko aukerak kezka handia eragin du herriko mugimendu euskaltzalean. Besteak beste, Galtzaundi euskara elkarteko zuzendaritzako kideek gutun publiko batean udalari eskatu zioten ez egiteko horrelakorik: "Tolosa Uematik ateratzeak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak duen funtzioari uko egitetik haratago, euskaldunen komunitatean arrakalak, errezeloak, gaizki ulertuak... ekar ditzake".

Aurreko legealdian sartu zen Tolosa Ueman, Bildu alkatetzan zegoelarik. EAJk abstentziora jo zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.