Tolosaldean Xabat Laborde (Villabonakoa da), Agurtzane Larrañaga (Tolosa) eta Iñigo Zapirainen (Ibarra) aurka "polizia mota desberdinen oldarraldi eta mehatxuak" izan direla salatu du gaur Gipuzkoako Sortuk, Donostian haiekin batera emandako prentsaurrekoan. Hiru lagunak gertaerak salatzera jendaurrean azaldu izana baloratu du alderdiak, horregatik "miresmena" agertu die, eta elkartasuna ere adierazi die.
Laborderen aurkakoa uztailean izan zen, Zizurkilen: kolaborazioa eskatu zioten. "Euskal gatazkari buruz lanean ari diren lan talde bateko kideak zirela esan zidaten, ez zirela poliziak". Batez ere, presoen iritzia jakin nahi zuten bi haiek, Laborderen arabera. "Erantzun nien ez nengoela inola ere hori egiteko prest. Hori entzun bezain pronto, mehatxuka hasi ziren berriro".
Larrañagak eta Zapirainek joan abenduaren 5ean pairatu zuten jazarpena, Guardia Zibilarena. Hasieran Zapirain galdekatu zuten, Leaburun, eta gero haren bikotekide Larrañaga, Tolosan. "Bistakoa da operazio hori ez zela kasualitate baten ondorio izan, gu beldurtzeko asmoz diseinaturiko zerbait baizik, eta, zoritxarrez, lortu zuten, denok baitakigu gorputz polizial honek tortura, jazarpena, inpunitatea, errepresioa eta sufrimendua baino ekarri ez duela Euskal Herrira", esan du Zapirainek.
Tolosaldeko hiru herritar haiek izandako "jazarpenez" gain beste batzuk ere izan direla gogoratu du ezker abertzaleko alderdiak. Kasurako, aurreko asteotan Txindokiko magaletan eta Gipuzkoako errepideetan Guardia Zibilak egindako kontrolak aitatu ditu. "Kontrol politika itogarriaren adibideak ugari dira", adierazi du Joxean Agirre Gipuzkoako Sortuko koordinatzaileak.
Hark esan duenez, "bakea, demokrazia eta normalizazio politikoarena izan behar duen garai honetan indarrean dagoen biolentzia mota bakarra estatuarena da", eta uste du gaur egungo sistemari eusteko daramatela politika hori: "Euskal Herrian, oraindik ematen den errepresio polizialaren helburua ohikoa da: euskaldunoi arrotza zaigun sistema politikoa eta legala indarrez ezarri eta beldurraren beldurrez saihestezina dela erakustea. Euskal jendartea da jazartzen dutena, eta beren presentziaren justifikazio bakarra Espainia inperialaren hiruko ezaguna betikotzea dute: 'Una, Grande y Libre' izaten jarraitzea".
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzari horrelako gertaeren aurrean "hitz garbiak ez ezik, ekintzak" eskatu dizkio Gipuzkoako Sortuk. Halaber, eragileei dei egin die "Espainako polizia indarrak euskal lurraldeetatik ateratzeko bideak eta erabakiak adostu eta erabakitzeko elkarlana" bilatzera.