Oraingoan torlojuetarako zirrindola bat agertu da Iruñeko Ospitale Guneko menuan. Gaixo bati agertu zitzaion, jatorduan, joan den larunbatean. Gertaturikoa salatu zuen, eta ospitale guneko zuzendari berriak eriari kasu egin zion. Zirrindola platerera nola iritsi den ikertuko duela eta, beharrezko bada, arduradunari zigorra jarriko diotela adierazi du Victor Peraltak, ospitale guneko zuzendariak.
Zirrindola janarira iristeko bide bat baino gehiago egon daitezkeela zehaztu du zuzendariak: platera egitean eror zitekeen bertara, edo zerbitzerakoan. Sukaldeek zerikusirik balute, zigortzeko urratsak egingo dituztela ziurtatu du Peraltak. Lehenago ere Mediterranea de Catering enpresaren jarduna ikertzeko eta zigortzeko txostenak irekiak ditu gobernuak, zerbitzua behar bezala ematen ez duelako salaketak jaso baitituzte sarri.
Oposizioen puntuazioa, oker
Bestalde, administrazioa lan eskaintza publiko bateko puntuazioa aldatzera behartuko du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. 2009an, erizainak hartzeko lan eskaintza publikoan, irakasle izateagatik emandako puntuak gutxienekora murriztu zituen oposizioaren ebaluazioa egin behar zuen mahaiak. Lehen, hiru puntu ematen zizkieten irakasletzan aritutako erizainei; 2009ko lehiaketan, 0,04 puntu eman zizkieten. 29 erizaingaik helegitea jarri zioten oposizioaren ebaluazioari. Herrialdeko auzitegi nagusiak arrazoia eman die orain. Irakasle aritzeagatik jasotako puntuekin, lanpostua eman behar lieke gobernuak; auzia nola konpondu aztertzen ari da.
Torlojuen zirrindola bat aurkitu dute erietxeko janarian
Nafarroako Gobernuak 2009an erizainentzat egin zuen lan eskaintza publikoaren puntuazioa berritu beharko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu