Ezinbesteko neurria zen oinarrizko gizarte laguntzak mugatzea. Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako kontseilariak, Elena Torresek, defendatu egin du erabakia, azken asteetan jasotako kritiken aurrean: «Egoera jasanezin ari zen bilakatzen, eta gobernuak arduraz jokatu behar zuen: egoera berriz planteatu beharra zegoen». Oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortu egin ditu Nafarroako Gobernuak: bi urtean herrialdean bizi beharko da laguntza eskuratzeko, eta bi urtean kobratu ahalko dute. Izango da jendea, beraz, laguntzarik gabe geratuko dena. Torresek jakinarazi du larrialdiko laguntzak jartzeko asmoa duela gobernuak.
Caritasek jo du alarma. «Nork emango die jaten pertsona horiei? Nork emango die aterpe?», galdetu zuen herenegun parlamentuan Angel Iriarte ordezkariak. Paperik gabeko etorkinek eta kanpoan bizi izan diren nafarrek ezingo dute laguntza jaso.
Elena Torres kontseilariak erantzun du laguntzak izango direla oinarrizko errenta gabe geratzen direnentzat. «Kontua ez da inor kanpoan uztea, baizik eta era egokian eta behar dutenei egitea kasu». Defendatu egin du baldintzak gogortzea. «Ezin dugu eman bizitza osorako laguntza; ez du funtzionatzen. Gizarteratzeak izan behar du helburua». Egungo sistemak ez du hori bermatzen, Torresen ustez. Bestela esan dute gizarte babesean ari diren elkarteek: dirua aurrezteko egindako aldaketa dela diote. Nafarroako Gobernuak ez ezik, Jaurlaritzak ere gogortu ditu baldintzak.
Zorra 849 pertsonarekin
Murrizketak albiste dira gizarte babesean, eta hori gertatu da mendekotasun legearekin: aurten laguntzak jasotzen hastekoak zirenak gabe geratuko direla iragarri du Espainiako Gobernuak. Ikusteko dago zer gertatuko den Hegoaldean, diputazioek baitute eskumena; 16.460 lagun dira laguntzeko. Torresek ez du argitu zer egingo duen Nafarroan, baina txartzat jo du neurria. Gehiagori laguntzak emateko, ordea, izan du arazoa Iruñeko gobernuak: 3,5 milioi euro zor zizkien 849 laguni mendekotasunagatik. Zorra kitatu duela azaldu zuen atzo; batzuei bi urteko atzerapenez pagatu die.
Torresek nahitaezko jo du mugak jartzea oinarrizko errentari
Nafarroan gogortu egin dituzte laguntzak lortu ahal izateko baldintzak; egoera «jasanezina» zela esan du kontseilariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu