Tortura arriskuagatik, bi atxilotuei inkomunikazioa kentzeko exijitu dute

Gernikako Akordioaren sinatzaileek tortura eragozteko neurriak hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Erredakzioa
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ane Ituiñok Torturaren Aurkako Taldeko abokatuak, Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean, exijitu du herenegun Legorretan Guardia Zibilak atxilotutakoak, Igor eta Aitor Esnaola, epailearen aurretik pasatzeko, «uneotan torturatuak izan daitezkeelako». Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba, EHNE, ESK, EILAS, Hiru eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkaritza bat Espainiako Gobernuaren Donostiako ordezkaritzan izan ziren, Esnaola anaien senideekin batera, eta agiri bat utzi zuten bertan. Agirian, eskatu dute, besteak beste, atxiloketa garai osoa bideoz zein audioz grabatzea, baita miaketak eta atxilotuen garraioa grabatzea ere. Tortura saihesteko neurriak hartzeko ere exijitu dute.

Albiste agentziek jakitera eman dutenez, Guardia Zibilak atzo amaitu zuen Legorretako Berostegi auzoko baserriaren miaketa. Guardia Zibilaren arabera, bertan, hiru eskopeta, 70 litroko lapikoa eta hiru tenporizadore atzeman zituzten atzo.

Antonio Camacho Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkariak RNE irrati katean adierazi du atxiloketek ETAren aurkako Espainiako Gobernuaren borondate «irmoa» erakusten dutela. Camachoren arabera, 45 egunean «hamabost etakide» atxilotu dituzte. Haren iritziz, ETA garaitzeko «garairik onenean» dago gobernua. Camachok goraipatu egin du Mariano Raxoik PPko buruzagiak gobernuari babesa eman izana, baina, era berean, kritikatu egin du PPko ordezkari batzuen adierazpenak ez direla egokienak.

Ezker abertzaleari buruz, Camachok dio «bide onetik» doala baina anbiguotasunak albo batera utzi behar dituela: «Garrantzitsua da ETAri esatea euren garaia amaitu dela, inoiz ez zutela eurengarairik izan behar, ez dute anbiguotasunek balio. Egin behar denari eta egin daitekeenari buruz oso argi mintzo beharra dute», azaldu du. Patxi Lopez EAEko lehendakariarentzat, berriz, atxiloketek erakutsi dute «zuzenbide estatuak egoki funtzionatzen duela», eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariaren arabera, Legorretan atzemandakoak erakutsi du su-etena «iruzurra» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.