Torturen lekukotasunaren aurretik Alaitz Jauregi TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideak 2005eko torturen txostena aurkeztu du. 2005.urtean 56 euskal herritarrek tratu txarrengatik eta torturengatik salaketak jarri zituzten. Era berean, emakumeen kasua are latzagoa dela azaltzen du TATen txostenak; emakumea izateagatik sexu jazarpenak pairatzen dituztelako.
Era berean, Jauregik salatu du Ertzaintzaren komisaldegietan jarri ei dituzten kamerek ez dutela "%100 gertatzen den guztia grabatzen" eta ez dakitela komisaldegi guztietan ipini dituzten ala ez.
Unai Romanoren lekukotzak sortu du ikusmin handiena. Madrilgo Soto del Realen espetxean sartu zutenean torturatu zuten Romano, Guardia Zibilaren menpe inkomunikatuta egon ondoren: "Elektrodoak jarri zizkidaten belarrietan, baita barrabiletan ere, zakilan ere...". Etengabe aritu zitzaizkion kolpeka: "Burua puzten hasi zitzaidan ikusmena galdu arte". Mina horren aurrean bere eskumuturrak puskatu zituen handik ateratzeko.
Aralarrek eta Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA eta EB) bultzatutako ekimen baten harira kontatu su Romanok jasandakoa. Aralarren, EAJren, EAren eta EBren ekimenaren asmoa Romanori elkartasuna agertzea zen. Era berean Romanoren tortuta salaketak artxibatu direla-eta aurkakotasuna agertu nahi zuten eta Espainiako Gobernuari "tortura ahalbidetzen duten guneak ezabatzeko" eskaera luzatu nahi zioten. Bozketa egin dute eta berdinketa izan da azken emaitza: EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek alde bozkatu dute(8), PPk eta PSE-EEk aurkako botoa eman dute(8) eta EHAK abstenitu egin da.
Torturak
Tortura lekukotasunak entzun dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean
Unai Romanok, Gaizka Larrinagak eta Julen Larrinagak Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturak kontatu dituzte gaur Gasteizko legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean. Inkomunikatuta egon ziren egunetan jasandakoak azaldu dituzte; egun horietan poltsa egin zieten, elektrodoak jarri zizkieten eta kolpeak eman zizkieten, besteak beste. Euskal Herrian eta Espainian torturatu egiten dela baieztatu du Romanok eta torturarekin bukatzeko inkomunikazioarekin amaitu behar dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu