Tortura saihesteko eskatu diote TATek eta senideek Espainiako Gobernuari

Gobernu ordezkaritzara joan dira senideak, Alternatiba, EA, Aralar eta ezker abertzalekoek lagunduta

Atxilotuen senideak eta horiei babes ematera joandakoak, gobernu ordezkaritza aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Larri daude asteartean Guardia Zibilak atxilotutako lau bilbotarren senideak. Hurkoak inkomunikatuta dauzkate, eta ez dute haiei buruzko berririk, hedabideetan entzundakoak besterik. Eta entzun dute guardia zibilen aurrean «aitortu» dutela azken urteetan ETAk egin eta argitu gabe zeuden atentatu guztiak ez bada gehienak egin izana. Kezka areagotu zaie. Euren seme-alabak, anai-arrebak eta lagunak tortura latzak jasaten ari diren beldur dira. Laguntza premia dute. Euren hurkoak ez direla torturatzen ari frogatu beharra. Eta Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara jo dute. Gobernu ordezkariari inkomunikazioa kentzeko eskatu nahian joan dira; atxilotuak epailearengana berehala eramateko eskatzera. Ez dute lortu Mikel Cabieces ordezkariarekin egotea, eta jarrera zakarra jaso dute Espainiako Gobernuak Bilbon duen egoitzan.

Torturaren Aurkako Taldeak lagunduta joan dira ordezkaritzara senideak. EA, ezker abertzalea, Alternatiba eta Aralar alderdietako zein LAB, ESK eta EILAS sindikatuetako ordezkariek ateraino lagunduta adierazi diete babesa. Horrela aldarrikatu dute inor ez torturatzeko, eta, hori ziurta dadin, inkomunikazioa bertan behera uzteko.

Ane Ituiño TATeko abokatuak ohartarazi duenez, aurten sei herritarrek salatu dituzte torturak. Urtarrilean Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz atxilotu zituzten seiak, eta seiak eduki zituzten inkomunikatuta. Seiek kontatu zizkioten Marlaskari inkomunikazio egoeran jasandako torturak. Epaileak, ordea, ez zuen ezer egin, eta, oraingoan ere, ez du onartu torturak saihesteko neurri bakar bat ere hartzea. «Espero dugu urtarrilean izan genituen tortura salaketak ez errepikatzea», adierazi du Ituiñok, gobernu ordezkaritzan jaso duten tratua gaitzestearekin bat: «Onartezina da momentu honetan agian pertsona bati poltsa jartzen ari zaien bitartean delegatuak gurekin bildu nahi ez izatea eta senideek duten babesgabetasunaren aurrean hemendik oihuka bidaltzea».

Gobernu ordezkaria egin du «atxilotuek jasan dezaketen tratuaren arduradun». «Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta beraz Barne Ministerioaren ordezkari ere baden heinean, bera ere erantzule zuzena da».

Atxiloketa horiek salatzeko hainbat elkarretaratze egin zituzten atzo Euskal Herrian. Donostian 300 lagun inguru batu ziren, esate baterako, eta Galdakaon beste 50 lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.