Frankismoaren sei biktimak gaur goizean salatu dituzte 1975ean eta 1976an Jesus Muñecas Aguilar kapitainak eta beste guardia zibil batzuek egindako torturak. Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian aurkeztu dituzte testigantzak. Salaketa jarri dutenak dira Juan Arangoa —hilda dagoen Amparo Arangoaren anaia—, Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Josetxo Zabaleta, Juan Goñi eta Jose Begiristain. Epaitegira sartu aurretik, elkarretaratzea egin dute atean, frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak deituta.
2014an Argentinan jarri zuten salaketa lehenengoz, Servini epailearen aurrean. Hark inputatu egin zuen Muñecas, baina estradizioa bertan behera gelditu zen. Oraingoan, Euskal Herrian salatu dituzte torturak. Salatzaileek adierazi dute "preskribaezinak" direla kasuak, "Giza Eskubideen Legediaren aurkakoak" baitira. Elixabete Nosellas biktimak azaldu du "justizia" eskatzen dutela.
Biktimek adierazi dutenez, "ekimen kriminal" horien arrazoia zen "izu zitala sartzea" frankismoaren aurkako mobilizazioetan zeuden milaka gazteei.
Gaurkoan sei lagunek eman dituzte testigantzak, baina aipatu dute "milaka" direla antzeko egoerak bizi izan dituztenak. Jakinarazi dute badirela beste biktima batzuk deklaratzeko txandaren zain Bergarako, Azpeitiako (Gipuzkoa) eta Donostiako epaitegietan. "Gogorra bada ere", biktima guztiak animatu nahi dituzte salaketa jartzera.