Tortura auziekin estu lotuta dagoen gizona da Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro berria. Euskal Herrian aski ezaguna. Tortura salaketei entzungor egin eta horiek salatzeari uko egin dio sarritan. Sei aldiz zigortu du Espainia Estrasburgoko epaitegiak bere zaintzapean inkomunikatuta zeuden presoen tortura salaketak ez ikertzeagatik. Beatriz Etxebarria bortxatu egin zuten inkomunikatuta zegoela. Igor Portu eta Mattin Sarasola hematomekin eta azala puztuta agertu ziren. Patxi Arratibelek Aztnugal idatzi zuen. Xabier Beortegik ezin zuen zutik ere egon. Eta Fernando Grande-Marlaskak ez zuen ezer egin. "Uste dut epaileak ez zidala inolako galderarik egin", adierazi zuen Oihan Ataunek.
Estrasburgoren zigor baten babesik jaso ez duten arren, asko dira Grande-Marlaskaren arreta jaso ez duten tortura salaketak. Auzitegi Nazionalean egon den aldian (2004-2013), 140tik gora. Amaia Izko abokatuak 2011ko urrian argitaratutako artikulu batean adierazi zuen ordura arte epaile ohiaren ardurapeko inkomunikazioan egon ziren 157 atxilotuetatik 142k salatu zituztela torturak.
2014ko urrian zigortu zuen Estrasburgok Espainia Ataunen eta Etxebarriaren tortura salaketak ez ikertzeagatik. Etxebarriak salatu zuen kolpeak, mehatxuak eta sexu abusuak jasan zituela Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zen aldian. "Epailearen aurrean deklarazioa ukatu nuen eta torturatua izan nintzela salatu nuen. Esan nion ez nuela berresten deklarazio poliziala ez zelako baldintza normaletan eman, torturatua izan nintzela eta jasandako tratu txarrak kontatu nizkion. Epaileak orduan, galdetu zidan ia zergatik ez nion ezer esan auzimedikuri eta erantzun nion berak edukitako jarreragatik zela, zalantzatan jarri zuelako nik eginiko kontakizunaren sinesgarritasuna". Marlaskak ez zuen Etxebarriaren deklarazio lazgarria kontuan hartu.
Alberto Pradilla kazetariak Etxebarriaren salaketa ekarri zion gogora egungo Barne ministroari, ETB2ko saio batean. Pradillak nabarmendu zuen Torturaren Prebentziorako Komiteak sinesgarritasuna eman ziola Etxebarriaren testigantzari, eta komitearen 2011ko txostenean aipamen berezia egin ziola Grande-Marlaskari, 2011ko tortura salketa guztiak bere ardurapeko atxiloaldiei zegozkielako. Horrez gain, aipatu zion Espainiako tortura salaketez ohartarazi dutela Amnesty International elkarteak eta NBEren torturaren kontrako errelatoreak ere.
Grande-Marlaska será el ministro de Interior. Responde así cuando se le pone en los morros los datos que demuestran su amparo a la tortura. @albertopradilla le saca el caso de las torturas que sufrió Beatriz Etxebarria. La cara de cemento. pic.twitter.com/2yDxZD4BT1
— Lander Iruin (@iruintxo) 6 de junio de 2018
Ataunek ere kolpeak eta tratu txar psikologikoak salatu zituen Marlaskaren aurrean. "Uste dut epaileak ez zidala inolako galderarik egin", adierazi zuen. Poliziek kolpe ugari eman zizkiotela eta hildako bere amari buruzko irain mingarriak egin zizkiotela zehaztu zuen. Inkomunikazio aldia amaitu zenean, gauero amesgaiztoak zituen.
Grande-Marlaska epailearen aurrean deklaratu ondoren, aste berean aske utzi zuten Beortegi. 2011ko urria zen. Salaketa ofiziala 2012ko maiatzean jarri bazuen ere, bide laburra egin zuen, handik urtebetera epaileak kasua ixtea erabaki baitzuen. Aske utziko zutelakoan, poliziekin itundutakoa kontatu zuen Grande-Marlaskaren aurrean, baina azkenean "egia kontatzea" erabaki zuen.
Beortegik berak agerraldi batean kontatu zuen Guardia Zibilaren esku egondako lau egunetan gertatutakoa. "Gogoratzen dut autotik jaitsitakoan ezin nuela ezta zutik ere egon. Ez dakit tentsioa zen, buruan jasotako kolpeak ziren, presioa...; zorabio sentipena etengabea zen. Galdeketan, berriz, etengabe jo ninduten buruan; kukubilko jarri eta lur jota geratzeraino zutik jarrarazi ninduten, berriro oreka galdu arte".
Patxi Arratibel 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zuten guardia zibilek, Etxarri Aranatzen, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz, Ekineko kidea izatea leporatuta. Arratibelek eta beste hiru atxilotuk salatu zuten Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren bitartean torturak eta tratu txarrak pairatu zituztela. Polizia etxean egindako deklarazioetako batean, Arratibelek aztnugal idatzi zuen sinaduraren ondoan -laguntza, alderantziz idatzia- pairatzen ari zen tratu txarrak jasota geldi zitezen.
Portu eta Sarasolaren auzian, aurrekoetan ez bezala, Estrasburgok frogatutzat jo zituen "tratu txarrak" jasan zituztela. Porturi buruzko mediku txostenak honela zioen, hitzez hitz: "Ezkerraldean saihets bat hautsi diote. Saihetsak zuloa egin du biriketan; handik haizea eta odola atera dira, eta barrunbe torazikoan zabaldu. Begian hematoma bat dauka; horrek esan nahi du kolpe zuzen bat eman diotela begian. Azala puztuta eta handituta dago, azpian gas bat balego gisan. Oso minbera da, eta kolpeen ondorioz sortzen da". Grande-Marlaskak, ordea, ez zuen ikerketa bat abiatzeko nahikoa zantzurik ikusi.
Ez dira horiek Granda-Marlaskaren aurrean torturak salatu dituzten euskal herritar bakarrak. Iñigo Zaprianiek ere torturak salatu zituen Grande-Marlaskaren aurrean, 2011ko martxoan, Etxebarriarekin batera atxilotu zutenean. Estrasburgoren zigorren eraginez, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Auzitegi Nazionalak biei ezarri zien hamabost urteko kartzela zigorra. "Ezerk ez dio erakundeekiko herritarren konfiantzari kalte handiagoa egiten, legediaren zaintzaileak legea urratzen ikusteak baino", adierazi zuen Gorenak.
Ander Maeztuk lau egun egin zituen inkomunikatuta Espainiako Poliziaren esku, 2010eko urrian, eta torturak salatu zituen Grande-Marlaskaren aurrean. Egungo Barne ministroak ez zion garrantziarik aitortu bere lekukotzari, eta tortura salaketa behin eta berriz izan da artxibatua. "Leheretu arteko kolpeak" eman eta poltsa egin ziotela salatu zuen Maeztuk. Helegite baten eraginez, mediku azterketa bat egingo diote torturak utzitako aztarnarik duen argitzeko. Maeztuk Ahotsa.info-ri azaldu dionez, "itxurakeria" da mediku azterketa, Estrasburgok berriz ere tortura ez ikertzeagatik Esoainia zigortzea ekiditeko.
[youtube]https://youtu.be/sjA18LAzuoo[/youtube]
Tortura salaketez gain, Grande-Marlaskak izan du bestelako aipamenik ere bere jardun judizialari lotuta. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik adierazi du Grande-Marlaskak agindu zuela bi alditan bere kontrako atxiloketa. "Mezua jaso dugu", gaineratu du.
Borrell para desinfectar Catalunya y Grande-Marlaska, el juez que entre otras cosas me encarceló por dos veces, a Interior. Mensaje recibido
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) 2018(e)ko ekainaren 6(a)
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, ohartarazi du ez duela sekula ahaztuko Grande-Marlaskak Gorka Agirre EAJko buruzagi historikoa auzipetu izana. Erabaki "miserablea" izan zela adierazi du.
Yo jamás olvidaré la MISERABLE imputación de Gorka Agirre por parte de Grande Marlasca.
— Markel (@markelgoierri) 6 de junio de 2018
"ETAren finantziazio sarearen" kontrako operazioaren harira inputatu zuen Grande-Marlaskak Agirre. 2006ko ekainaren 20an, 12 lagun atxilotu zituzten Espainiako eta Frantziako poliziek, ETAren finantziazio egiturarekin lotura izatea egotzita. ETAri laguntza ematea leporatu zion egungo Barne ministroak EAJren zuzendaritzako kide ohiari.
Grande Marlaskak gaur goizean hartu du Barne ministro kargua bere gain, eta torturari lotutako iraganak kargu hartu dio berari.
Espainiako Gobernua osatuko duten kide berrien artean bada Euskal Herrian zeresana eman duen besterik ere. Izan ere, Maria Jesus Monterok hartu du Ogasun Ministerioaren gidaritza, eta PPk gogora ekarri du euskal ogasunen eta kontzertu ekonomikoaren kontrako jarrera izan duela Andaluziako Ogasun sailburu zen bitartean.