Ekainaren 26an izango da Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna. Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako torturari buruz egindako txostenaren arabera, torturak pairatu izanaren zantzu nabarmenak daude gutxienez 4.113 herritarren kasuetan. Erakunde horrek eginiko beste txosten batean dioenez, Nafarroan gutxienez beste 169 kasu egongo lirateke. Foro Sozial Iraunkorrak biktima horien onarpena eskatu die erakunde publikoei, baita eginiko kaltearen erantzukizuna aitortzeko ere garaian garaiko gobernuei.
Foro Sozialak adierazi du biktima horiek «oso konfiantza gutxi» dutela justizian, eta «diskriminatuta» sentitzen direla. Horregatik, nabarmendu du beharrezkoa dela instituzioen partetik «aitortza ofiziala» jasotzea, biktimentzat garrantzitsuena «egia» delako. Bide horretan, 2019ko ekainean iritsitakoa pauso garrantzitsua izan zela nabarmendu dute. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen bat egitea Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunarekin. NBE Nazio Batuen Erakundeak antolatzen du egun hori.
Halere, oraindik ere pausoak eman beharra dago, azpimarratu dutenez. Aurrera egitea galarazten duten arazoen artean, azaldu dute hainbat alderdik helegiteak jarri dizkiotela poliziaren biktimak aitortzeko Nafarroako Parlamentuak onartutako legeari, eta desadostasunak daudela «torturaren errealitateari dagokionez»: «Errelatoaren bataila esaten zaion alderdien arteko eztabaidak, errespetagarria izanik ere, eragin negatiboa du biktimentzako aitortza neurriak sakonago garatzeko bidean».
Horrez gain, autokritika egiteko eskatu die torturak baieztatu diren garaietan boterean zeuden gobernuei: «Egiaren bidean, oso garrantzitsua litzateke garaian garaiko gobernuek eginiko kaltean duten erantzukizuna aitortzea». Bide horretatik, gomendio dekalogo bat aurkeztu dute, egun dauden «adostasunetan eta desadostasunetan» oinarrituta. Besteak beste, hauek aipatu dituzte: neurriak hartzea torturak errepikatzeko aukerarik ez dagoela bermatzeko; poliziaren zaintzapean edo atxiloketan jasaniko lesioen ondorioz hil direnen kasuak ikertzea; eta torturaren biktimei sinesgarritasuna ematea.