Legebiltzarrak aho batez gaitzetsi du «torturaren bidegabekeria»

Elkarrekin Podemosek aurkeztu du proposamena. Aurrerantzean, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna antolatuko dute urtero ekainaren 26an

gotzon hermosilla
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak ekainaren 26an egin ohi du Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna. Datorren urtetik aurrera, Eusko Legebiltzarrak bat egingo du egun horrekin; hala erabaki dute aho batez legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politiko guztiek, Elkarrekin Podemosek aurkezturiko legez besteko proposamena aintzat hartuz. Proposamenaren arabera, horren helburua da «bidegabekeria hori pairatu duten biktimei aitortza egitea gizartearen aurrean».

Onartutako testuaren arabera, «giza eskubideen urraketa larria» da tortura, eta, horregatik,NBEk ezarritako Nazioarteko Egunarekin bat egitea proposatzen da. Baina edukiak baino gehiago, horren inguruan bildutako adostasunak ematen dio balioa proposamenari, talde parlamentario guztiak bat etorri direlako horretan. Testuan ere adierazten da Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunaren ingurukoak «talde parlamentarioekin ahalik eta adostasun handiena bultzatuz» ebatziko direla.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza, eta Lankidetzako idazkari Jonan Fernandezek ere onartutako proposamenaren edukia eta horren inguruan bildutako adostasuna nabarmendu du, eta esan du lan egingo dutela datorren urteko ekainaren 26an antolatuko duten eguna «adostasunik zabalenarekin» egin ahal izateko.

Adostasun horren adierazgarri, sindikatu guztietako ordezkariak egon dira legebiltzarrean, Foro Sozial Iraunkorrak lagunduta, proposamenari babesa adierazteko. Torturaren biktimak, ETArenak eta GALenak, eta Arartekoa ere egon dira bilkuran.

«Konfiantza osoa»

Adostasuna adostasun, ikuspegi kontrajarriak ere azaleratu dira proposamenari buruzko eztabaidan. PPren eledun Carmelo Barriok esan du bere taldeak proposamena babestu duela tortura «delitua» delako eta Espainiako legeriak hala jasotzen duelako, baina bere mintzaldian nazioarteko egoerari erreparatu dio, batez ere; Euskal Herriaz jardun duenean, berriz, esan du «konfiantza osoa» duela Espainiako polizia indarretan, eta haien kontrako tortura salaketak askotan «propaganda eta ospe txarra emateko estrategia» izan direla.

EH Bilduko Julen Arzuagak erantzun dio Barriori, eta PPren jarrerari «hipokrita» eta «iruzurtia» iritzi dio. Esan duenez, EH Bilduk ez du «giza eskubideen inongo urraketarik» ukatzen, baina uste du urraketa guztiak aintzat hartu behar direla «mapa osoa» eduki ahal izateko. «Torturaren biktima askorentzat, nahikoa litzateke begietara so egin eta sinesten dietela esatea», azaldu du.

Torturaren biktimen izenean, Eneko Compainsek «positibotzat» jo du onartutako proposamena, baina PPri eta PSE-EEri eskatu die «duten erantzukizuna» onar dezatela. EAJri ere eskatu dio torturaren gaiaz «hirugarren pertsonan» ez mintzatzeko, eta gogora ekarri ditu Ertzaintzaren kontrako salaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.