2005eko uztailaren 27an atxilotu eta hiru egunez inkomunikatu zutenean torturatu egin zutela berretsi zuen Maite Oruek atzo, Madrilgo Lurralde Auzitegian. Hura torturatzea leporatuta, Espainiako bost polizien aurkako epaiketan deklaratu zuen gernikarrak, eta honezkero epaiaren zain geratu da epaiketa. Bost polizia horietatik bi identifikatu zituen Oruek, eta epaileari adierazi zion bi polizia horiek izan zirela atxilotze unetik inkomunikazio aldia amaitu arte mehatxatu zutenak, jo, umiliatu eta sexu erasoak egin zizkiotenak.
Bost urte igaro diren arren,Oruek gainditu gabe ditu oraindik ustez Poliziaren esku jasandako tratuaren ondorenak, eta psikologoen laguntza behar du. Urriaren amaieran ez zen gai izan epaiketara joateko, eta atzo arte atzeratu behar izan zen haren deklarazioa. Ane Ituñe abokatuak azaldu zion BERRIAri epaiketara «urduri» joan bazen ere tortura salaketak berretsi eta poliziak identifikatzeko gai izan zela eta hori «urratsa» dela.
Atzoko saioan, Orue torturatzea egotzita inputatutako polizietako baten aurkako akusazioa erretiratu egin zuten gernikarraren abokatuek, haren aurkako froga nahikorik ez dagoelako. Ordea, beste lauren aurkako akusazioei eutsi egin zieten, bederatzina urteko kartzela zigorra eskatuz: seina urtekoa torturengatik eta hirunakoa lesioengatik, eta hamabi urteko inhabilitazioa eta biktimari kalte-ordainak ematea.
Defentsak eta fiskalak polizien absoluzioa eskatu zuten. Defentsak, gainera, prozedurako zenbait txosten baliogabetzeko eskatu zion epaimahaiari. Zehazki, Orueren egoera psikologikoari buruz 2007an auzitegiko medikuek egindako txostena, eta konfiantzazko medikuek atxiloketaren ostean eta azken hilabeteetan egindakoak aintzat ez hartzea galdegin zuen defentsak. Gainera, Jose Luis Cardenas eta Maria Eugenia Abasolo auzitegi medikuek deklarazio faltsuengatik inputatzea eskatu zuen defentsak, perituen txostena egiteko baimenik ez zutela argudiatuta.
Torturatzea egotzitako bost polizietatik bi identifikatu ditu Oruek epaiketan
2005ean torturatzea leporatu dieten Espainiako bost polizien epaiketan deklaratu du Oruek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu