Traktoreekin blokeatu dute Baionako errepidea, Olharen salmenta salatzeko

Bukatu da Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko abiatu zen okupazioa. Baionako eta Donibane-Lohizuneko (Lapurdi) errepideak blokeatu dituzte, protestan.

Gaur goizeko protesta, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2023ko abuztuaren 29a
16:20
Entzun

Baionako bideetan auto ilarak erraz sortu ohi dira, batez ere Leroy Merlin saltokiko biribilgunean. Ilara horiek, fenomeno baten isla dira: hirian barna, eta harago ere, geroz eta eraikin gehiago sortzen ari dira, geroz eta jende gehiagori harrera egin ahal izateko; alta, horren parean, gazteek eta beste anitzek ezin dute etxebizitzarik atzeman, karioegia baitzaie. Hori ez ezik, laborantza lurrekin ere arazoak sortzen dira, salmenta espekulatiboen harira haien laborantza funtzioa, hain zuzen ere, galtzen baitute usu. Bertako elkarte eta kolektiboak erantzunak atzematen saiatzen dira, auto ilara oraindik gehiago sortuz, batzuetan, jendeen atentzioa pizteko. Gaur, adibidez, hitzordua 10:00etan emana zuten Baionan eta Donibane-Lohizunen, Senpertarren kolektiboak, ELBk, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak.

Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen okupazioaren bultzatzaileak izan dira lau talde horiek: joan den ekainaren 27tik geroz, gaur arte, bi hilabetez, Senpereko etxe bat okupatu dute, Ipar Euskal Herriko biztanleen laguntzaz eta sostenguz. Jabearekin eta eroslearekin abiatu zituzten elkarrizketak ezerezean gelditu ondotik, jabeek 1,3 milioi euroko prezioa iragarri zuten salmentarako. Gaur, okupazioaren bukaera iragarri dute, salmenta gauzatu dela eta.

Egoera desblokeatzeko, bideak blokeatu

Banderolak beso azpian, Baionako Leroy Merlin biribilgunean bildu dira ehun bat militante, eta mezuak zabaldu dituzte: «Egiazko laborantza herrikoi baten alde», irakurtzen ahal zen; edo, «Espekulazioa, Euskal Herriko minbizia». Aldarriz jantzirik, errepideraino hurbildu dira; baina, ekintza abiatu dutenerako, jadanik autorik ez zen gehiago. Erraterako, hamarnaka jendarmeria furgoneta, ehunaka polizia eta Errepublikako Segurtasun Konpainia (CRS) andana bat agertu dira goiz-goizetik, autobide irteera eta bideak blokeatuz, militanteak aitzin.

Hala, biribilgunea hutsik geratu da, alde batetik zein bestetik, ondoko biribilgunea arte, 300 bat metrora. Hala ere, ekintzak bere efektua izan du, zeren Baionako biribilgune nagusienetarikoa da Leroy Merlinekoa, eta jende anitzi bidea kaltetu diete. Gainera, militanteak alde batetik zein bestetik autoetara hurbildu dira esku orriak banatzeko eta auto gidariek banderak ikus zitzaten.

Ekintza hasi eta 40 bat minutura, hogei bat traktore iritsi dira, azkenean; Poliziak geldiarazi ditu metro batzuk lehenago, protesta oztopatuz. Hala ere, heldu dira, beste militanteen txalo artean. Eta hasi dira oihuka: «Lurrak, laborarientzat! Euskal Herria, ez da salgai!». Ordura arte aldarrien zain izan balitz bezala, Poliziaren helikopteroa abiatu da momentu horretan, oihuak tapatuz.

Dena dela, ekintzak aitzina jarraitu du, eta ordu bat iragan ondoren, Dominika Ameztoi Lurzaindiako buruak eta Filipe Laskarai militanteak hitza hartu dute. Azkenak zehaztu du gero: «Hala ere, borrokak segitzen du. Politikoak, hautetsiak deitu ditugu, haien ardurak har ditzaten, zeren eta badute haien rola betetzeko borroka horretan. Halako aferetan beti parean aurkituko gaituzte!». Gazteagoentzat ere espekulazioaren eta laborantza lurren «ebasketak» oso kezkagarriak dira. Annabelle Meyer ELB Gaztekoa da, eta laborari gisa instalatzen ari da. «Jin naiz traktorearekin, laborari lankideekin manifestatzera, eta erakustera ez garela ados gertatzen ari denarekin. Enetzat problematikari lekua egiten diogu kalean ere, gure aldarriak entzunaraziz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.