Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua bihar batzartuko da Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin, 1979ko estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenen transferentziaz hitz egiteko. Bi gobernuen arteko lehen bilera instituzionala izango da, 12:00etan, Madrilen.
Erkorekaz gain, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea eta Tatiana Gonzalez Kabineteko zuzendaria joango dira batzarrera. Espainiako Gobernuaren aldetik, Dariasek Francisco Hernandez Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko estatu idazkaria eta Jose Moya Kabineteko zuzendaria izango ditu alboan.
Haatik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri du Erkorekak eta Dariasek landuko dutena: Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean esan duenez, Dariasek, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren enkarguz, eskumenak eskualdatzeko egutegi berri bat landuko du Erkorekarekin.
Eskumen gatazkak
Erkoreka bera mintzatu da biharko bileraz, Jaurlaritzaren gobernu kontseilu osteko agerraldian. Azaldu duenez, hiru helbururekin joango da bilerara: transferentzien egutegia gaurkotzea, horiek gauzatzeko lantaldeak osatzea eta eskumen gatazkei lotutako hiru helegite indargabetzea.
Helegiteei dagokienez, Erkorekak adierazi du bi gobernuak bat datozela "desadostasunen judizializatzea" akordio politikoekin "ordezkatu" beharrean, eta biharko bileran aztergai izango dituzte Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dauden hiru helegite: bi, euskal erakundeek emandako arauen kontrakoak —Polizia Legearen erreforma eta Merkataritza Gune Handien Lurralde Antolaketarako legea—, eta, bestea, Espainiako Gobernuaren Segurtasun Digitalari buruzko Errege Dekretua —155 digitala esan izan zaiona; horren arabera, gobernuak baliogabetu egin ditzake sareko domeinuak eta komunikazio zerbitzuak, badaezpadako neurri gisa—.
Bestalde, transferentzien egutegia izango dute mahai gainean. Duela urtebete, bi gobernuek egutegi bat adostu zuten, negoziaziotik kanpo uzten zituena Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoko eskumenak. Egutegian, eskumenak hiru bloketan bereizi zituzten; aurrenekoan, «aurrerapauso handiak» egin zituzten, Espainiako Gorteetarako apirileko hauteskundeen aurretik; beraz, Erkorekak espero du orduan eginiko lana aintzat hartzea orain.
Erkorekak azaldu du estatutua osorik betetzea «premiazkoa eta lehentasunezkoa" dela Jaurlaritzarentzat, eta espero du bilerak balio izatea "aldebiko lan bide etengabea zabaltzeko».
Gizarte Segurantza
Mendiak ere esan du egutegi hori «eguneratu» behar dela. Aitortu du estatutua betetzeko eskumen horiek ere Jaurlaritzaren esku utzi behar direla, aurrez gainerako transferentzia guztiak gauzatu ostean: «Hala ere, esan beharra dago EAJk bide bat egin duela urteotan, 1990eko hamarkadatik 2020 arte, kutxa bakarra apurtu nahi izatetik eta Gernikako Estatutuak esaten duena ez bete nahi izatetik sozialistok geunden posizioekin bat egitera».
Mendiak azpimarratu du Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren kudeaketa dela transferitu beharrekoa, pentsioak Jaurlaritzak kudeatuta ere horiek «Espainiako pentsio sistema publikoaren parte» izaten jarrai dezaten: «Espainiako Gobernuak ordainduko eta bermatuko lituzke».
EAJk eta PSE-EEk Gizarte Segurantzari eta espetxeen eskumenari eman zieten lehentasuna 2016an, Jaurlaritzaren gobernu programan. Horrela jaso zuten gobernu programaren 173. konpromisoan: «Eusko Jaurlaritzak, berori eusten dioten alderdi politikoen babesaz eta adostasunez, lehentasuna emango die transferentzia hauek erreklamatzeari eta negoziatzeari: a) Espetxeak; b) Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa, Gernikako Estatutuak aldi baterako bosgarren xedapenean xedatzen duen moduan».