Transfobia

Transfobia egotzi diote Donostiako PPren bozeramaileari

Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosen bozeramaileak Hondalea-ri buruzko azalpen bat eman dio Borja Corominasi, eta hark Twitter bidez erantzun dio: «Hori mansplaining-tzat har daiteke?». Transexuala da Araneta.

Borja Corominas PPko zinegotzia (eskuinean), Teodoro Garcia Egearekin eta Muriel Larrearekin, iaz. GORKA ESTRADA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 8a
12:21
Entzun

«Hori mansplaining-tzat har daiteke?». Hori erantzun zion atzo Borja Corominas Donostiako PPren bozeramaileak Donostiako Elkarrekin Podemosen txio bati, zeinetan Aitzole Araneta Elkarrekin Podemosen bozeramaileak Santa Klara uhartean egin duten Hondalea lanari buruzko azalpenak ematen zizkion PPkoari. Mansplaining-a da konptzeptu bat azaltzeko gizon batek emakume bati azalpen bat harrokeriarekin edo jarrera paternalistatik ematen dionean gertatzen dena.

Transexuala da Araneta, emakumea. Hori dela eta, sare sozialeko hainbat erabiltzailek eraso transfobiko bat egin izana egotzi diote Corominasi, EPren bozeramailea gizontzat hartzeagatik eta haren sexualitatea ukatzeagatik.

Beste hainbat erabiltzaileren artean, Aranetak berak ere erantzun dio PPren bozeramaileari: «Ah, baina zuk gizon bat naizela diozu? Itxaron, azalduko dizut eta (beste behin)», idatzi dio, mansplaining-a zer den azaltzen duen esteka bat bidali aurretik.

Corominasek hala azaldu zion atzo: «Zu Aitzole zara, Podemoseko bozeramailea den gure adiskide maitatua. Eta gustuko dut hala izatea. Baina noizean behin gizon matxistek izan ohi dituzten jarrerak erakusten dituzu. Denetik irteten da». Jarraitu egin du gaur PPkoak: «Liskarrean eroso bizi diren gizon eta emakumeak daude. Hori aurpegiratu diezaiokezu gizon bati, baita emakume bati ere. Baina kontuz, ez esan emakume trans bati jarrera matxistak dituela. Trans emakumea orbanik gabeko izakia da».

Txioaren erantzunetan egurra jaso du Corominasek. Hainbatek eskatu dute haren dimisioa, barkamena eskatzeko ere esan diote, eta beste hainbatek PPko bozeramailearen hitzek sentiarazi dieten nazka adierazi dute, besterik gabe. Aranetari elkartasuna ere erakutsi diote hainbatek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.