Albistea entzun

Brontzea eta ura, fikzio bat sortzen

Cristina Iglesiasen 'Hondalea' obra inauguratzeko ekitaldia egingo dute gaur, Donostiako Santa Klara uhartean. Itsas hondoa irudikatzen du itsasargiaren barruan dagoen piezak

ANDONI CANELLADA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko ekainak 2

Brontzea eta ura. Bi elementu horiek baliatu ditu Cristina Iglesias artistak Hondalea sortzeko. Edo, haren hitzetan, «fikzio bat» ontzeko. Artelana ikusten duenari itsas hondoari begira egotearen ilusioa sortu nahi izan baitio eskultoreak. Itsasoz inguratua bai, baina itsas hondotik urrun dago artelana, ordea. Donostiako Santa Klara uharteko itsasargian dago, eta artistak bere sorterrian jarritako lehen obra publikoa da. Horregatik, aspaldiko amets bat egia bilakatu zaiola aitortu du. Are gehiago: «Amestu nuen baino gehiago da obra hau», gehitu du. Gaur egingo dute instalazioa inauguratzeko ekitaldia, uhartean, eta haren inguruan mintzatu zen artista atzo, Eneko Goia alkatearekin batera eginiko prentsaurrekoan.

Aurrez ere esana zuen bere ibilbideko lan garrantzitsuenetako bat dela Hondalea. 2016. urtean sortu zen ideia, artistak Donostiako Urrezko Danborra jaso zuenean; hirian haren obra bat izateko konpromisoa agertu zuen Eneko Goia alkateak saria emateko ekitaldian, eta, hainbat elkarrizketaren ondotik, pieza Santa Klarako itsasargian jartzea erabaki zuten. Etxea hustu, eraberritu, eta lurzorua zulatu behar izan zuten lehenik, eta instalazioak oinarri duen eta itsas hondoa irudikatzen duen brontzezko ontzia kokatu gero.

Ekitaldi sorta baten bidez aurkeztuko dute jendaurrean orain. Inaugurazio ekitaldian, instituzioetako ordezkariak bilduko dira goizean, eta obraren izen bereko erakusketa irekiko dute San Telmo museoan arratsaldean. Bihar eta etzi, Kostalde harritsua: geologia, ekologia, eskultura sinposioa egingo dute Aquariumean, eta larunbatean hartuko ditu lehen bisitariak obrak —izena eman beharra dago horretarako—. Atzo, berriz, prentsa agerraldia egin zuen artistak udaletxean, komunikabideentzat uhartera artelana ikustera egindako bisita gidatuan parte hartu ostean.

Ilusioa eta errealitatea

Lainotuta zegoen, eta ordu gutxiren bururako ekaitza iragarrita, bisitari taldea kaian elkartu zenean, atzo arratsean. Aitona Julian III ontzira banaka joan ziren igotzen; aurrealdean kokatu zen artista, lagun zituela Jon Insausti Kultura zinegotzia, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria eta udaleko beste hainbat kide; atzean, berriz, hiru dozena kamerari, argazkilari eta kazetari. Motorraren burrunbarekin jarri zen martxan itsasontzia, baina haizeak estali zuen haren zarata kaitik atera orduko. Uhartera gerturatu ahala, itsasargia ere hurbilago antzematen zen, eta irudiak hartzen saiatu ziren asko, haizeak eta kulunkek sortutako traben gainetik.

Irlako nasa txikian porturatuta, itsasargirako bidea hartu zuen taldeak; zuhaitz artean, aldapan gora, eta kaioak une oro gainean zelatan zituztela, haien lurraldean barneratu ziren seinale. Eta heldu ziren eraikinaren zabalgune txikira. Eraberritu egin dute itsasargia; 1960ko urteetatik ez da inor han bizi izan, baina segitzen du martxan, baita orain eskultura barruan duela ere.

Ikusi gehiago: EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek 'Hondalea' obraren kudeaketa kritikatu dute

Kanpotik, halere, ez da sumatzen artelan bat gordetzen duela; leihoetara hurbilduta ere, ez da barrualdea ikusten, alabastroz estalita baitaude. Jendea talde txikietan joan zen sartzen, ate beretik, eta irekitzen zen tarte labur horietan, zirrikitutik jakin-minez begiratzen zuten kanpoan geratutakoek, obra irudikatu nahian. Uraren hotsa ere heltzen zen kanpoaldera zirrikitu beretik; eraikinaren barruan olatuek zerbaiten kontra talka egingo balute bezala. Baina barrura sartzean argitu ziren galderak. Eraikinaren hormetan bermatutako metalezko pasarela batek inguratzen du eskultura. Eta, erdian, lauzpabost metroko sakonera duen zulo batean, brontzezko ontzi handi bat. Labarretako harkaitzak eta itsas hondoa ageri dira brontzez irudikatuta, urak eginiko zulotxoz eta bestelako forma organikoz beteak. Ura hara eta hona dabil azaleran, itsaslasterrek mugituta bezala, eta, tarteka, indarrez sartzen da haitzetako arrakaletatik, aparra ez ezik hots ozena ateraz, harriak gehiago higatuko balitu bezala.

Pasarelan aurrera eginez inguratuko du obra bisitariak, eta angelu desberdinetatik begiratzeko aukera izango du, goragotik beti. Ibilbideko mailetan gora egin eta gorenera iristean hartuko dio neurria artelanari; zazpi bat metrotik ikusten dira orain ura, brontzezko haitzen distira, alabastroa zeharkatzen duen argipean. Eta olatuen burrunbak hartzen du eraikina tarteka.

Kanpora atera, eta barruko ilusioa errealitate bihurtzen da. Badia dago parez pare, olatuak, kresala, laino arteko argia. Ekialdera begiratuta, Jorge Oteizaren Eraikuntza hutsa, Paseo Berrian; eta mendebaldean, Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia, itsasargitik ikusten ez bada ere. Horri eta gai gehiagori buruz galdetu zioten artistari ondorengo prentsaurrekoan. Baina, aurrez, kaioen zaintzapean utzi zuen uhartea taldeak; zain zuen Aitona Julian III, kaira itzultzeko.

Kostaldearen memoria

Ohoretzat jo zuen Iglesiasek bere artelana Oteizaren eta Txillidaren obren artean egotea, baina zehaztu zuen ez zuela uhartea horregatik aukeratu. «Bestalde, nire lana ez da ikusgarria, ez du paisaia aldatzen». Euskal kostaldearen topografia izan zuen inspirazio iturri lana sortzeko, eta, hain zuzen, haren babesarekin lotu zuen. Ildo horretan hainbat elkartek agertutako kezkez ere galdetu zioten: «Nik sortutako obra uhartea babestu nahi duten horien guztien konplize da; ez nukeen egingo beste era batera izan balitz».

Orain, obra bisitariak hartzear dela, «tentsioan» baina pozik dagoela aitortu zuen, eta herritarrei «esperientzia bat» eta gogoetarako aukera eskainiko dien esperantza agertu zuen. «Fikzio bat sortu nahi izan dut, uharterako bidaiaz ez ezik, gutako bakoitzak kostaldeaz eta itsasoaz dugun memoriaz ere jabetuko dena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria, artxiboko irudi batean. Uztailaren 10ean joko dute Iruñean. ©Jon Urbe / Foku

Udan 400 kultur jarduera eskainiko dituzte Iruñean, sanferminen ordez

Ane Eslava

Musika eskaintza zabala antolatu dute; parte hartzaileen artean izango dira Izaro, Skabidean, Skakeitan, Zea Mays eta Anne Lukin, besteak beste.

Bixente Serrano Izko, artxiboko irudi batean, 2010ean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bixente Serrano Izko bere buruarekin solasean

Ane Eslava

Pamielak Serrano Izkoren liburu bat argitaratu du, hil aurretik idatzitakoa: 'Ene iratxoekin solasean'. 900 artikulu baino gehiago biltzen ditu

Euskaltzaindiako kideak eta instituzioetako ordezkariak, atzo, aurkezpena hasi aurretik. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

San Joan Gurutzekoa, osorik euskaraz

Amaia Igartua Aristondo

Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak XVI. mendeko poetaren 'Idazlan guztiak' itzuli ditu. Gontzal Mendibilek zenbait lan musikatu ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.