«Ezingo duzue gurekin. Ez zenuten uste bat eginen genuenik». Indarrez, borrokarako grinez beterik eta elkarrekin dira Guggenheim museoko garbitzaileak. gaurtik baita musikaz lagundurik ere. Gaur dira 130 egun museoko langile ia guztiek greba hasi zutela, eta elkarrekin sorturiko kantu bat kaleratu dute sareetan: Guggrentrap. Trap doinuek giroturik, grebaren oinarri diren aldarrikapenetako batzuk aipatu dituzte abestiaren hitzetan, eta hainbat mezu helarazi dituzte museoaren arduradunen kontra.
Gaur egun langileek dituzten baldintzak salatu dituzte kantuan, eta iradoki dute horren erantzule direnek ez dutela kezkarik azaldu. «Ahul nahi gaituzte, esplotatuak», diote langileek abestiaren bideoklipean. Ez hori bakarrik. Langileek salatu dute dirua lan baldintzak duintzera bideratu ez, baina beste asmo batzuetarako aise ematen dituela pausoak museoak: «Ez duzue lotsarik Puppyrentzako dirua eskatzeko». Halaber, Guggenheimeko garbitzaile gehienak emakumeak izaki, genero arrakalari buruz ere mintzo dira hitz-erdizka. Udalari zuzendu zaizkie, gainera: «Udaletxeko atean, puntu moreak. Jakin nahi dugu non dauden orain denak».
Greban direnen langileek mezuak ozentze aldera, langileek babesa eskatu dute sare sozialetan. Traola bat sortu dute, eta hura zabaltzeko eskatu: #GuggenTrap.