Burgosko Diputazioak hainbat txosten juridiko erabili ditu Trebiñu eta Argantzongo udalerrien eskaerari ezezkoa emateko. Gaztela eta Leondik bereizi eta administratiboki Araban sartzeko eskaria egin dute horiek.
Borja Suarez PPko bozeramaileak, Trebiñuko herriak “euskal kolonizazioa” sufritu duela adierazi du, eta Trebiñuko herritarren iritzia ez ezik, garrantzitsua dela lurraldetasunaren mugen inguruan Gaztela eta Leonekoek ere irizten dutena.
Jose Maria Jimenez PSOEko bozeramailea banaketaren kontra mintzatu den arren, probintziako talde politikoei eskaria egin die egoera ikertu eta “behin betiko irtenbidea” aurkitzeko. Bere aburuz, segregazio eskaera bat “mugen defentsaren izenean” ukatzea Erdi Aroko kontua da.
Alde bozkatu duen bakarra, Rosario Perez UPDko diputatua izan da: “Herritarren eskubideak historiaren aurrean gailendu behar dira”. Perezen ustez, autonomia erkidegoek ez dute “desberdintasunik” izan behar; Trebiñuko Konderriaren arazoa euskal kupoaren ondorioa dela uste du.