Marina Subirats i Martori. Soziologiako katedradun emeritoa

«Tribua babesteko borrokatzen zen gizon ereduak ez du tokirik gizartean»

Genero indarkeriak eragindako heriotza eta biktima gehiago ez izateko hezkuntzara jo behar dela uste du Subirats i Martorik, mutilek barneratzen duten gizon eredua errotik aldatuz

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Emakunderen Nahiko programaren mintegian hitz egin zuen atzo Marina Subirats i Martorik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Soziologiako katedradun emeritoak. 1993 eta 1996. urteen artean Espainiako Emakumearen Institutuko zuzendaria izandakoak Lehen Hezkuntzan mutil eta neskengan heziketak duen garrantzia nabarmendu zuen. Irribarretsu agertu zen elkarrizketaren hasieran; irribarrea galdu zuen Miarritzen (Lapurdi) gertatutakoaren berri izatean.

Hedabideek, berriro ere, genero indarkeriaren biktima baten berri emango dute.

Ez litzateke horrelakorik gertatu behar, baina, gertatuz gero, hedabideetan agertu behar dute. Genero indarkeria kasuak azalaraztea oso zaila izan da. Orain gehiegi ikusten dela uste dute batzuek, baina eskerrak horrela den. Urtetan gizona familiaren jabea izan da. Etxekoak isiltzen ziren, eta emakumeak izen ona ere gal zezakeen hitz eginez gero.

Nola da hori?

Esan izan da etxe barruan emakumeak agintzen duela, zeharka, amarruen bidez agintzen zuelako, sexualitatearen erabilera eginez. Hortaz, arazoak bazeudenetxe barrukoak isilarazten ziren.

Zuk ezagutzen duzun testuinguruan, noiz gertatu zen aldaketa?

1980ko hamarkadan saiatzen hasi ziren. 1993 eta 1996. urteen artean hildako emakumeen datuak jasotzen nituen; gudu txosten bat ematen zuen, baina ezin zen horretaz hitz egin. Duela hamar urte inguru emakume bat agertu zen telebistan senarrak hil behar zuela esanez, eta denbora gutxira hil egin zuen. Gaiari garrantzia eman zitzaion, hedabideentzat deigarria zelako. Heriotzari buruz hitz egiten da orain, baina oraindik ez horren azpitik dagoen guztiaz.

Zer lan egin behar da indarkeria hori bukatzeko?

Arazoaren erroa kendu behar zaie gizonei, denboraren joanarekin bilakaerarik izan ez duen gizonaren eredua. Garai bateko borrokalariaren ereduari eustea da hein handi batean. Tribua babesteko borrokatzen zen gizon eredu horrek ez du tokirik gaurko gizartean. Zigorrak adabakiak dira, eta arazoa errotik konpontzeko hezkuntza da giltza.

Hortaz, zigorrak...

Mantendu behar dira. Zigorraren aurrean atzera egin dezakete batzuek. Ordea, beste zentzu batean lan egin daiteke. Gizonek jokabide horiek dituztenak arbuiatzea da horietako bat, adibidez.

Nola alda daiteke mutilen sozializazioa?

Ez dago errezeta magikorik. Ez dugu bi egunetan aldatuko, baina horretan jarri behar dugu ezinbestean. Helduok barneratutako jokabideak ditugu, horregatik, haurrekin egin behar da lan. Orain arte agerikoa zena zuzendu da. Hau da, legeetan zeuden ezberdintasunak kendu dira. Dena den, eguneroko jokabidean sustatu ditzakegun ezberdintasunak ez ditugu ikusten.

Nola zuzen daitezke horiek?

Ikerketei esker konturatu zaitezke irakasleek barneratua dituzten ohiturek nola eragiten duten. Ikerketa batean ikusi zen nola irakasle batzuek neskei %26 gutxiago hitz egiten zieten, nahiz eta irakasle horiek ez zuten hori nahita egiten. Agerikoa aldatu dugu, ideiak baditugu. Ohiturak aldatzea da orain erronka.

Eskolaz gain, familiek ere zeresana dute umeen sozializazioan. Nola uztartzen dira biak?

Garai bateko gizartearen mugak hautsi dira, baina oraindik ez dago muga berririk, eta familia asko galduta daude. Eskola are garrantzitsuagoa da, bertan izaera arautzailea duela baitakite umeek. Dena den, arazo handiena hedabideak dira gaur egun.

Hain kaltegarriak al dira?

Aldaketa gertatzeko dagoen zailtasunik handiena hedabideak dira, eta, batez ere, telebista. Telebistak ez du arrazoitzen laguntzen, eta ohiturengan eragiten duten ereduak eskaintzen ditu. Errealitatea kopiatu nahi dute, baina, nire ustez, iraganeko errealitate bat kopiatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.