Gutxi iraun dio Antton Troitiñori iragan astean estreinatu berri zuen askatasunak. Ez dago berriro preso, baina ez da askatasunaz gozatzeko aske. Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkitu eta espetxeratzeko agindua eman zuen herenegun iluntzean, joan den astean aske uzteko hartutako erabakian atzera eginda.
Troitiño berehala atxilotuko zutela ematen zuen atzo goizean, hainbat iturrik esan baitzuten Espainiako segurtasun indarrek Hendaian «kokatuta» zeukatela. Zehazki, Troitiño bere abokatuaren bulegoan zegoela esan zuten.
Nazioarteko atxilotze aginduan ustez egindako okerrak zuzentzea baino ez ei zen geratzen hura atxilotzeko. Ezta hori ere, Espainiako Barne ministro eta lehendakariorde Alfredo Perez Rubalcabak esan zuenez, euroaginduan egindako «akats teknikoak» berehala konpondu zituzten eta.
Iluntzerako, ordea, Hendaiako «arrastoa» ez ei zen egiazkoa; Troitiño non den aztarnarik ez dutela aitortu zuten segurtasun indarrek, Efe agentziak informatu zuenez.
Dena den, Espainiako segurtasun indarrek zaintza bereziak ezarri zituzten Troitiñoren familiakoen etxeetan eta haren abokatuaren etxe eta bulegoan, Efe agentziaren arabera. Lapurdi eta Gipuzkoako mugako hainbat tokitan kontrolak ere ezarri zituzten Espainiako eta Frantziako segurtasun indarrek.
Presioa, hasieratik
Behin-behineko espetxealdia eta 24 urteko zigorra bete eta gero, apirilaren 13an irten zen kartzelatik Troitiño, Auzitegi Nazionalak, Konstituzionalaren irizpideei jarraituz, euskal presoak behin-behinean espetxean egindako urteak gehienezko kondenari kenduta libre geratu behar zuela iritzita.
Oinak kartzelatik atera bezain laster, ordea, presioak hasi ziren Troitiño berriro espetxera zezaten. Espainiako biktimen elkarteek eta PPk gogor ekin zioten Auzitegi Nazionalaren erabakiaren kontra. Espainiako Gobernuak justiziaren erabakiarekiko errespetua adierazi zuen, baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen epaiaren aurka. Ez zuen eskatu, ordea, segurtasun indarrek Troitiño zain zezaten, eta, orain, hura aurkitu eta atxilotzeko agindua eman dutenean, biktimen elkarteek eta PPk gogor ekin diote berriro Justiziaren eta Espainiako Gobernuaren aurka.
Irizpide aldaketa
Auzitegi Nazionalak apirilaren 25ean berrikusi behar zuen Troitiño aske uzteko epaia, baina presaz hartu zuten deliberoa herenegun. Irizpide aldaketa Espainiako Auzitegi Gorenak Troitiñoren kasu berean ziren bi euskal presori buruz esandakoan oinarritu zuen Auzitegi Nazionalak. Alegia, behin-behineko espetxealdia kondena bakoitzetik kendu behar zela eta ez gehienezko kondena osotik. Hori horrela, iragan astean ez, 2017ko urtarrilaren 17an beteko luke zigorra Troitiñok, Auzitegi Nazionalaren arabera.
Jazarpenaren salaketa
Troitiño jasaten ari den jazarpena eta hura berriro kartzelatzeko agindua euskal presoen aurkako «mendeku politikaren» erakusle dela salatu zuen atzo AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. «Beraien legeak aplikatu ondoren atera da Antton libre, baina legearen aplikazioak ez duenez bat egin beraien borondate politikoarekin, Antton berriz atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu dute, erabaki politikoa ebazpen judizial moduan jantziz», zioen AAMk prentsa ohar batean.
Ezker abertzalea ere berdintsu mintzatu zen, eta «urgentziazkoa» zeritzon Espainiako eta Frantziako estatuek Gernikako Akordioak jasotzen dituen eskaerak betetzeari. Bai ezker abertzaleak bai AAMk indarrak bildu eta mobilizatzera dei egin zuten.
Lokarrik ere Troitiñoren kasua bake prozesuaren aurkako eragozpen gisa ez erabiltzeko ohartarazi zuen, Loiolako prozesuaren garaian Iñaki de Juanaren kasua erabili zuten gisan.
Troitiño aurkitu eta atxilotzeko polizia operazioa abiarazi dute
Euskal presoa aske uzteko hartutako erabakia atzera bota zuen herenegun iluntzean Espainiako Auzitegi NazionalakHendaian «kokatu» dute hasieran Troitiño; non dagoen ez dakitela esan dute gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu