Antton Troitiñok eta Iñaki Lerinek preso jarraituko dute Londresko Belmarsh segurtasun handiko espetxean, haien estradizioari buruz erabaki bitartean. Hala erabaki zuen atzo Daphne Wickham Westmisterreko Auzitegiko epaileak.
Parot doktrina aplikatuta espetxean igaro beharreko urteak betetzeko, Troitiño estraditatzeko eskatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta erabaki bitartean preso edukiko dute, defentsak baldintzapean aske uzteko eskatu arren. Erresuma Batuko Fiskaltzaren aldeko erabakia eman zuen epaileak atzo, auziari buruzko aurreneko saioan.
Troitiño libre uzteko iradoki zion Erresuma Batuko Fiskaltzak herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalari, baina haren erantzuna jaso ostean, jarreraz aldatu du. Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinaren kontra kaleratutako epaia kontuan hartu, eta presoa aske uzteko iradoki zion Britainia Handiko Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Nazionalari, baina hark ezetz erantzun zion, argudiatutaepaia ez dela irmoa.
Troitiñoren estradizioari buruz erabakitzeko auzi saioak irailaren 21an hasiko dira. Hain justu, bezperan egingo dute bilera Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek, erabakitzeko zein jarrera hartu Parot doktrinarekin Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren ostean.
Lerini ETAko kide izatea egozten dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hura ere estraditatzeko eskatu dio Erresuma Batuari. Hari buruz erabakitzeko auzi saioa azaroaren 7an egingo dute. Hala ere, biek bideo konferentzia egingo dute abuztuaren 17an, tramite bat betetzeko.
Gogeaskoetxea, Espainian
Erresuma Batuak atzo utzi zuen Espainiaren esku Eneko Gogeaskoetxea presoa. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak eraman zuen presoa Londrestik Espainiara.
Maiatzean onartu zuen Londresek Gogeaskoetxearen estradizio eskaera. ETAko kide izatea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta ustez 1990eko hamarkadan eginiko hamabost «terrorismo delitu» leporatzen dizkio. Auzi horiengatik epaitu beharko dute orain.
2011ko uztailaren 7an atxilotu zuen Gogeaskoetxea Erresuma Batuko Poliziak, Cambridgen (Erresuma Batua). Han bizi zen duela lau urtetik, neska-lagunarekin eta haurrekin.
Troitiñok preso jarraituko du, estraditatu edo ez erabaki bitartean
Eneko Gogeaskoetxea Espainiaren esku utzi du Erresuma Batuak; Cambridgen bizi zen, familiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu