Memoria historikoa

Tropa frankistak Donostian sartu ziren eguna gogoan

Memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari diren hainbat elkartek salatu dute Donostiako Udalak ez dituela gonbidatu hark antolatutako omenaldira, eta beste ekitaldi bat antolatu dute.

arantxa elizegi egilegor
2016ko irailaren 14a
13:17
Entzun

Atzoko egunez, baina duela 80 urte, tropa frankistek Donostia hartu zuten. Haietako asko abuztu hasieran abiatuak ziren Nafarroatik, eta Gipuzkoan falangista eta karlista ugari gehitu zitzaizkien. Irailaren 13an heldu ziren Donostiara. Bezperan, milizien babespean alde egiteko aukera izan zuten askok, baina beste asko bertan geratu ziren. Frankistek azken horiek erabili zituzten mendekua hartzeko: 385 herritar fusilatu zituzten; 561 espetxeratu zituzten; eta beste ehunkak erbestera jo behar izan zuten.

Horiek hala, atzoko egunez omenaldia egiten diete frankisten biktima izandakoei. Bi ekitaldi bereizi antolatu zituzten horretarako; eguerdian memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari diren elkarteek antolatua, eta iluntzean udalarena. Izan ere, memoriaren aldeko erakundeek salatu dute Donostiako Udalak ez dituela gonbidatu arratsaldean egitekoa duen ekitaldira, eta Memoriaren Kontseiluaren lana eta zilegitasuna gutxiestea egotzi diote: "Salagarria da udalak hartu duen jarrera. Altxamenduaren ondorioz hildakoentzako errespetua eta justizia heltzen diren bitartean, lanean jarraituko dugu, ez bakarrik irailaren 13an, beharrezkoa den bitartean baizik".

Erakusketa

Atzo zabaldu zuten Oroimena bizirik erakusketa, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Haren bidez gogoratuko dituzte frankismo garaian gehiegikeriak jasan behar izan zituzten herritarrak.

Erakusketa eguerdian inauguratu zuen Eneko Goia alkateak, eta zabalik izango da azaroaren 27ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.