Ipar Euskal Herria pixkanaka konfinamendutik ateratzen den bitartean, Paris jada ari da turismo denboraldian pentsatzen. Atzo hondartzak ireki zituzten Lapurdin, eta Jean-Baptiste Lemoyne Frantziako Kanpo Aferetako idazkariak esan du ekainaren 21ean espero dutela turismo guneen zati bat irekitzea.
Journal du Dimanche-ri egindako adierazpenetan aurreratu du bihar zortzi emango dituztela turismo egutegiari buruzko xehetasunak. "Ekainaren 21ean hasiko da uda, eta espero da, egun horretarako eta ahal bada lehenago, ahalik eta turismo gune gehien ireki ahal izatea, denboraldia benetan has dadin", adierazi du. Herritarrak turismo ekonomiaren motorra izatea espero duela ere esan du.
Hala eta guztiz ere, lasaitasuna eskatu du, epidemiaren eboluzioa ikusteko. Azken 24 orduetan 96 heriotza zenbatu ditu Parisek, eta horiekin, guztira, 27.625. Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago, baina BERRIAk hamar zenbatu ditu orain arte. Kazeta honek Baionako ospitaleari datuak eskatu dizkio zuzenean, baina zentroak erantzun du ez duela horiek emateko baimenik. ARS agentziari eta INSEE estatistika institutuari ere eskatu dizkio, eta departamenduaz beheragoko datuak ematea ezinezkoa dela erantzun diote.
Hondartzak, irekita
Lapurdiko hondartzak ireki egin zituzten atzo, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak baimena emanik. Hendaian, Ziburun, Donibane Lohizunen, Getarian, Bidarten, Miarritzen eta Angelun daude hondartzak Lapurdiko kostaldean, eta horietara joan daitezke jada herritarrak, modu «dinamikoan» erabilita, betiere. Hots, bainurako, ibiltzeko eta bertzelako jardueretarako erabili ahal izanen dituzte hondartzak, adibidez kirola egiteko, baina geldirik ezinen dira egon.
Ortzegunean bilkura egin zuten prefetak eta hondartza duten herrietako auzapezek, eta gaurtik aitzina izan dute hondarretara joateko eskubidea. Orain arte itxita egon dira hondartzak, baita paseorako eta kirolerako ere.