Txalo artean eta jendearen babesarekin, Irungo alarde parekideak istilurik eta gorabeherarik gabe osatu du goizeko desfilea. 10:10ean atera dira konpainiak Urdanibia plazatik, eta San Joan plazan, udaletxe aurrean, egin dituzte lehenbiziko deskargak. Arratsaldean dute bigarren ekinaldia, 17:30ean hasita. San Martzial eguna ospatzen dute gaur Irunen.
Agintariek harrera egin diote emakumeen eta gizonen alardeari; besteak beste, han izan dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria. Hutsune bat izan da, nolanahi ere, udaletxeko balkoian: Jose Antonio Santano alkateak, beste behin ere, uko egin dio alardeari. Tradizionalari, bai, hari egin dio harrera; parekideari, ez.
Inoiz baino partaide gehiago atera dira aurtengo desfilean: 1.200 lagun. Emakunderen Berdintasun Saria jaso du aurten Irungo alardeak, Hondarribikoarekin batera; gainera, Gipuzkoako Diputazioak 30.000 euroko diru laguntza eman dio.