Paparrean jar zitezkeen txapa guztiak zintzilikatu dituzte, soinean jantzi zitzaketen elastiko guztiak eraman dituzte, mahai-inguruak eta hitzaldiak eman dituzte Herrialde Katalanetako ia herri guztietan, eta askotan dozenaka saio, bideragarritasunari buruzko ikerketa burutsuak egin dituzte, kalkulu ekonomiko-finatziero zehatzak, munduko diplomazia indartsuenei adierazi diete independiente izan nahi dutela... Europan, azken hamarkadotan ez da egon kausa politiko-sozial bat horrenbeste mobilizaio jendetsu eta era errepikatuan eragin dituenik. Marka guztiak hautsi dituzte, prozesu bera hautsi duten bezalaxe.
Iazko irailaren 27ko hauteskundeetan, %48ra iritsi zen independentziaren aldeko botoa, Catalunya Si que es Poti botoa eman zioten independentziazaleena kontua hartu gabe. Sekulako lana egin eta gero, %48 (bakarrik) iristeak esan nahi du oso zaila daukala, fase honetan, Kataluniak independentzia; eta are garrantsitsuagoa den ondorioa ere atera daiteke, alegia, ez zaiola independentziaren aldeko joerari boto bakar bat ere sobra.
Oso denbora gutxian oso azkar igo da Katalunian independentziazaletasuna; oraintsu arte katalanista praktikantea izan eta, Espainiako Gobernuaren tratu txarra ikusita, katalanismotik independentziazaletasunera igarotzea erabaki dute milaka eta milaka katalanek. Ez da hori independentzia puztu duen sektore sozial bakarra, baina bai jendetsuena. Urrats hori eman dutenek, aldaketa eta ondorioak, hau da benetako independentzia, oso epe laburrean ikusi nahi dute. Hala gertatzen ez bada, edozein dela hori gertatu izanaren arrazoia, dezepzioa hartu eta ostera ere lehen zeuden estadiora itzuliko dira, katalanismo praktikantera.
Baina sektore horiek "edozein dela ere arrazoia" argudiatu izan dutenean, ez dute sekula pentsatu arrazoi hori independentziaren aldekoen arteko ezadostasuna izango zenik. Horrela gertatu denez, dezepzioa eta haserrearen arteko koktela irensten ari dira egunotan. Asko kosta zitzaien geltokira joatea trena hartzera, trena azkenean ez da pasatu, eta ez dira berriro itzuliko tren geltokira, datorren hurrengoa benetakoa izango dela ziurtatu arren.
Irailaren 27tik gaurdaino gertatu den desastrearen errudun bakarra CUP dela esateko joera eta tentaldia eduki dezakegu egun hauetan, eta ez litzateke justua izango. Baina CUPek ez du jakin baloratzen Juntsek 62 diputatu zeuzkala, CUPek 10 bakarrik zeuzkanean. CUPen bigarren ahaztura: Kataluniako gizartea ezagututa, Kataluniako independentzia prozesuak interklasista izan behar duela, derrigor.
Zer gertatuko da orain? Martxoan hauteskundeak izango direla Parlamenterako, Mas indartuta aterako dela eta CUP ahulduta. CUP 3 eserlekutik 10era eraman duten botoemaile gehienak uste dute, prozesua salbatzeko, Masen izendapena erraztu behar zutela. Botoemaile berri horientzat, irailaren 27a baino lehenago, CUP prozesuaren seriotasunaren eta sendotasunaren bermea zen; gaur geroztik, oztopoa.
Hala ere, galtzaile nagusia, independentziaren aldeko joera da, gertatutakoa ikusita, 200.000 boto independentziazale etxean geratuko direlako martxoko hauteskundeetan.
Lasaitu ederra hartu dute Moncloan gaur CUPek hartu duen erabakiarekin, Mas indartuta atera arren, independentzia ahuldu delako. Ez Moncloan bakarrik, Estatu Kontseiluan, Konstituzionalean, inteligentzia bulegoetan, banku handietako egoitzetan, hainbat enbaxadatan...