Iruñeko Udalak ez du bilerarik eta adierazpenik egingo Txantrean atzo goizaldean izandako sexu erasoak salatzeko. EH Bilduk eta Ezkerrak eskatu dute bozeramaileen batzordea biltzeko, eta eskariarekin bat egin dute PSNko eta Geroa Baiko zinegotziek. Enrique Maia alkateak uko egin dio, ordea.
Bozeramaileen batzordea biltzeko eskumena alkatearena da, eta, haren arabera, ikerketa amaitu arte itxaron behar da bilera egiteko.
EH Bilduk adierazpen bat egiteko proposamena eraman nahi zuen bilerara, bi puntu nagusirekin: sexu erasoak salatzea eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egitea. Patri Perales zinegotziak gogorarazi du oraintsu mozio bat adostu zutela udalean, horrelako kasuetan erakundeetatik erantzun egin behar dela adierazteko. Alkateak, oraingoz, ez du adierazpenik egin nahi.