2015eko txostenean NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak kezka agertu zion Espainiako Estatuari, besteak beste, bi kasu horiei buruz, eta jasotako informazioa ez dela nahikoa adierazi dio orain.
Txostenaren 25. paragrafoan, Nekane Txapartegiren kasuaren inguruan egin diren ikerketen inguruko informazioa galdegin dio Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatuari. Zehazki, eskatu dio argitzeko "bere atxiloketaren unean Txapartegik egindako tortura salaketak eta ikerketaren emaitzak zein izan diren".
18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten Txapartegi 2009an, “ETArekin kolaboratzeagatik”. Espetxeratu aurretik egin zuen ihes, eta iazko apirilean atxilotu zuten Suitzan. Aurtengo apirilean, Espainiaren estradizio eskaera onartu zuen Suitzako Justiziak, baina irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman zuen hari egotzitako delitua eta, horrenbestez, bertan behera gelditu zen haren kontrako estradizio eskaria; aske da gaur egun.
1999an atxilotu zutenean, Txapartegik salatu zuen torturatu egin zutela. Tortura salaketei sinesgarritasuna aitortu zioten aurtengo apirilean bi psikiatra adituk, Istanbulgo Protokoloa erabilita.
Puntu horretan bertan beste hainbat kasuren inguruko informazio zabalagoa ere eskatu dute batzordeko kideek, eta horren artean azaltzen da 2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batekin hildako Iñigo Cabacasen kasua.
Aurtengo udan amaitu zuen kasuaren instrukzioa Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, eta sei ertzain daude auzipetuta. Epaiketa hasteko zain daude aldeak.
Torturak preskipziorik ez
Espainiako Estatuari egingo dion zazpigarren azterketari begira kaleratutako galdetegian azaltzen dira bi kasu horiek.
Tortura eta tratu txarren biktimen aitortza eta erreparaziorako hartutako neurriei buruz galdetu dio batzordeak. Besteak beste, tortura kasuei buruzko datu estatistikoak galdegin dizkio: zenbat salaketa egin diren, zenbat ikertu diren, zenbat zigortu...; atxilotuen inkomunikazio erregimena bertan behera uzteko hartutako neurriei buruz; neurririk hartu ote dituen torturengatik zigortutako polizien kontra, eta gobernuak indultatuekin, bereziki, zer egin duen; frankismo garaiko torturekin loturiko kasuekin kolaboratu al duen Argentinako Justiziak horri buruz abiatu dituen auzibideekin, ala Espainiako Estatuak zigor prozedurarik abiatu duen... NBEk gogoratu duenez, tortura delituek ez dute preskribatzen.
Kataluniako egoerarekin ere kezka agertu du batzordeak; bereziki, urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak erabilitako indarkeriari buruz galdetu dio Espainiari. Horrekin batera, atxilotutako etorkinen egoerari buruzko informazioa eskatu dio eta indarkeria matxistaren aurkako politikei buruzkoa, besteak beste.
AIren kritika Espainiari
Bestalde, torturaren errealitatea argitara emateko Eusko Jaurlaritzak eginiko "urratsa" txalotu du Amnesty Internationalek, eta Espainako Estaturen jarrera salatu du. "Inoiz ez du onartu tortura erabili dela. Ohitura izaten jarraitzen du ikerketa sakonen gabezia, eta horren ondorioz, torturatzaileen zigorgabetasuna eta torturen biktimeen eskubideen urraketa". Francisco Etxeberria buru, EHUko talde batek eginiko ikerketaren garrantzia azpimarratu du.