Txelui Moreno: «Estatuaren gezurrak eta estrategia biluzten ari gara»

Elkarlanerako printzipio programatikoen zirriborroa aurkeztuko du ezker abertzaleak abenduaren 11n Iruñean

joxerra senar
Iruñea
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak astelehenean adierazi zuen ezker abertzaleak Alderdien Legea betetzea ez dela nahikoa izango Espainiako Gobernuaren estrategia aldatzeko. Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak atzo adierazpen horiei egin zien erreferentzia:«Beraz, estatuaren estrategia bat da, eta hor dena sartzen da: botere judiziala, mediatikoa, militarra, exekutiboa, legegilea, poliziala... Guztia», azaldu zuen. Haren ustez, «Espainiako Estatuaren gezurrak eta estrategiak biluzten ari da» ezker abertzalea. «Estatuaren estrategia euskal herritarren aurka doa, ez ezker abertzalearen aurka, jokoan ez baitago ezker abertzalearen legeztatzea bakarrik, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea baizik. Hori ondo daki estatuak».

Iruñean, Xanti Kirogarekin batera emandako prentsaurrekoan, Morenori deigarria egin zaio Candido Conde Pumpido estatuko fiskalburuak ezker abertzaleak hurrengo asteetan aurkeztuko dituen alderdi berriaren estatutuen aurka helegitea jartzeko asmoa azaldu izana: «Nola aurkez dezake helegiterik oraindik ez badaki zein den estatutuen edukia? Horrek adierazten du Espainiako Gobernuaren bultzada politikoa».

Morenok azpimarratu zuen estatuaren estrategia hori «pixkanaka» agerian jartzea bilatzen duela ezker abertzaleak. «Dikotomia ez datza estatuaren eta ezker abertzalearen artean, estatuaren eta Euskal Herriaren artean baizik». Txelui Morenoren aburuz, hori da gakoa: «Estrategia eraginkorra izatea nahi dugu, badagozkigun eta nazioartean aitortuak diren eskubideen ukazioa jasanezina izatea lortu behar dugu».

Kirogak nabarmendu du «sekulako iskanbila» sortu dela larunbatean Iruñean laburbildutako ezker abertzalearen alderdi berriaren oinarrien inguruan. Euskal Herrian proposamenak «erantzun oso ona» jaso badu ere, «espero bezala» Espainiaren aldeko sektoreek ez dute gustuko izan. «Logikoa da; gatazka konpontzeko moduko zerbait urratsez urrats aurrera badoa, eurek orain arte izandako etekinak desagertzen joango dira».

Kirogak azpimarratu du ezker abertzalearen estrategia ez dela aldatuko, ez dela unean uneko kontu bat, eta ez duela atzera bueltarik. «Guk pentsatzen dugu ezin zaiola inori proiektu politikorik inposatu, eta batez ere ezin dela bortizkeriaren inguruko aldekotasunik eman». Hala ere, horrekin batera, Kirogak gogorarazi du martxotik hona indarkeria estatuaren aldetik soilik etorri dela.

Bi aste iragan dira ezker abertzaleak Nafarroako hurrengo foru hauteskundeetarako Aralarri, EAri eta sektore abertzale eta ezkertiarrei elkarlanerako proposamena egin zienetik. Atzo, nahiz eta aukera hori «oso zaila» izango dela onartu, Txelui Morenok eta Xanti Kirogak uste dute «hain garrantzitsua den urrats handi hori ematea posible» dela eta horregatik eskua luzatuta dutela UPNk eta PSNk osatutako binomioari aurre egingo dion alternatiba edukiz betetzeko. «Ezker abertzaleak onartu egiten du akordioetara iristen ahalegintzeko erronka».

Abenduaren 11n hitzordua

Horregatik, abenduaren 11n, Iruñeko Carlos III zinema aretoan elkarlan horretarakoprintzipioprogramatikoen zirriborro bat aurkeztuko du 10:00etan, eta hori ezagutarazteko eta eztabaidatzeko deia egiten die herritar orori. «Zirriborro bat besterik ez da,eta guztiz irekia dago; eragile eta norbanakoekin partekatu, osatu eta aberastu nahi dugu», zehaztu du Kirogak. Txelui Morenok eragile guztiei eskatu die egoerak eskatzen duen ardurarekin jokatzeko.

Proposamenaren edukiak aurreratu ez badituzte ere, zirriborroan hiru ildo nagusi proposatuko dituzte. Lehen ardatza, Euskal Herriaren aitortza da. «Hor denetarik sartzen da, euskal kultura, hizkuntza, nola egituratu gure herria, zeintzuk diren erabaki esparruak...». Bigarren esparrua gatazkaren konponbidea da: «Alde horretatik, ekarpenik hoberena Gernikako Akordioa da». Hirugarren lan ildoa sektoriala da. «Zer aldatu behar den gizarte bidezkoago bat lortzeko eta krisitik ateratzeko», aipatu du Txelui Morenok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.