Txertoa hartzeko bidezidorra, traba eta korapilo gabea

Nafarroan hasiak dira aurretik ordua hartu gabe duten herritarrak txertatzen. Txertaketa gunea Foremen egoitzan ezarri dute, Arangurenen. Zenbait herritarrek dagoeneko baliatu dute horretarako aukera.

Gazte bat txertoa hartzen, gaur, Foremeko txertaketa gunean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 25a
11:14
Entzun

Gobernuak argiki adierazi zuen astelehenean zabaldutako oharrean: aurretik ordua hartu beharrik gabe txertatu nahi dutenek horretarako aukera izanen dute Foremek Arangurenen (Nafarroa) duen egoitzan. Ordutegia ere zehaztu zuten: 08:30etik 19:00etara, irekita. Izan da ustekaberik, ordea. «Bistan da baten batek ez ziola orduari oso ongi erreparatu», kontatu du Carlota Barrena erizain laguntzaileak barre artean. Ateak zabaldu baino are lehenago agertu dira herritarrak txertoa hartu nahian. «Irrikan ziren», aitortu du. «Ez al ziren beldur izanen dosiak bukatuko ote ziren?», egin dio galde txertaketa gunean Endika Legarra gazteak. Ezetz erantzun dio Barrenak, irribarrez. Lanak lan, egun lasaiak espero dituzte datozen asteetan.
Herritarrak tantaka azaldu dira txertaketa gunera. Dena dela, Pili Sola Sara COVID Unitateko Ataleko koordinatzaileak onartu du «uste baino gehiago» direla; izan ere, txertoa har dezaketen gehienek urratsa egina dute, eta ez zuten jende askorik espero. Aukera berriak hutsuneak betetzeko balioko du, baita bere garaian txertoa hartzeari uko egin ziotenek orain modua izan dezaten atzera egiteko. «Ez dira gutxi pandemiaren bosgarren olatuan iritzia aldatu dutenak. Horrelakoak ere etorri dira», esan du Sola Sarak.
Eraikinera iritsi, eta kasik ilaran itxaron beharrik gabe egin dute prozesua herritarrek. Aski da nortasun agiria edo osasun txartela erakustea. Ohartzerako, jasoa dute zizta, eta protokoloak zehaztua duen ordu laurdena itxaron gelako aulkietan egitea besterik ez zaie falta. Hain zuzen, minutu horiek noiz bukatuko zain dago Jon Asiain Txokarro iruindarra. Udan egin dituen bidaiak tarteko, azken asteotan ezinezko izan zaio ordua topatzea; orain arte. «Atzo bertan jakin nuen hau egin nezakeela, eta, aizu, primeran!».

Zalantzak uxatzeko astia
Halako batean, ahots zoli bat aditu da korridorean barrena: «Modernarena jarriko didate?». 12 urteko Naira Coronelenak dira hitzak; Beatriz Aguado amarekin joan da txertoa hartzera. «Dudak izan ditugu, alabak hainbat alergia dituelako, baina hementxe gara azkenean. Besteengatik ere egiten dugu, gainerakoak babesteko», onartu du Aguadok. Hein batean, medikuak animatuta erabaki dute zizta jasotzea, eta pozik dago Coronel: «Ni desiotan nintzen txertoa jasotzeko; orain lasaiago ibiliko naiz». Biek azaldu dutenez, badakite hainbat direla dudatan ibili baina azkenean urratsa egitea erabaki dutenak. Korapilatu gabe lortu dute txertatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.