Ez da mugimendu negazionisten auzia soilik: Mendebaldeko gizarteetan txertoen eraginkortasunari eta txerto batzuek sortzen dituzten kalteei buruzko eztabaidak baziren lehendik ere, eta nabaritu da ia desagertuak zeuden gaitz batzuk berriro agertu ere egin direla. Ez da koronabirus honi lotutako arazo bat soilik, beraz; konplexuagoa da txertoen auzian azkenaldian sortutako eztabaida.
Edozein moduz, COVID-19aren pandemia kontrolpean hartzen ahalegintzeko bitarteko askorik ez dago. Funtsean, bi bide daude: gaitzari zabaltzen uztea berez immunizatu arte —jakinik milioika pertsona hil litezkeela eta milioika gehiago ospitaleratu, eta berezko immunizazioa ez dela segurua—; edo birusaren transmisioa ahal den neurrian txikitzen saiatzea —orain indarrean diren neurriekin eta konfinamenduekin, gogorrago edo arinago, egoeraren arabera, jakinik kalte ekonomikoak, emozionalak, psikologikoak... eragin ditzakeela—. Bigarren bide hori hartu dute munduko gobernu gehienek, arrakasta handiagoa edo txikiagoa lortuta, denek ez dituztelako baliabide berak, denek ez dutelako eraginkortasun eta argitasun berarekin lan egin, eta leku bakoitzean ezberdina izan delako eta delako gaitzaren zabalkundea. Edonola ere, bide horrek aliatu bat beharko luke sortutako neurri zorrotzak arintzeko: txertoa. Hori gabe, transmisioa murrizteko indarrean dauden neurriek ez dute amaiera argirik.
Negazionistek, ordea, zalantzan jartzen dute txertoaren garrantzia. Iruditzen zaie txertoek konpontzen dituztenak baino kalte handiagoak eragiten dituztela, eta bat egiten dute, horretan, naturistekin eta homeopatian edo medikuntzaren bide alternatiboetan dabiltzanekin, besteak beste. Txertoen atzean dauden negozio interesak ere salatzen dituzte. Eta areago ere jotzen dute: txertoak gehien jartzen diren lekuetan COVID-19ak heriotza gehiago sortu dituela ere esan izan dute. Laburtuz: koronabirusak sor ditzakeen kalteak arinagoak iruditzen zaizkie, haren transmisioa kontrolatzeko indarrean dauden neurriak eta etorkizunean etor litezkeen balizko txertoak baino.
Uste horiek ez dute helduleku zientifikorik, Guillermo Quindos eta Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoen esanetan. Quindos: «Guztiz kontrara. Birusak (elgorriaren hirukoitza, parotiditis-paperena eta errubeolarena) dituzten txertoak edo bakterio ahulduak (Calmette-Guerinen baziloa) dituzten txertoak gehien erabiltzen dituzten herrialdeetan izan dituzte COVID-19aren kasu larri gutxiago. Orain ikertzen ari dira tuberkulosiaren kontrako txerto esperimental batzuek COVID-19aren kontra ere babes eragina izan ote dezaketen».
Mendebaldeko herrialde askotan —txerto gehien darabiltzatenetan— COVID-19ari lotutako heriotza gehiago zergatik agertu diren azaldu du Basarasek, eta ez du zerikusirik txertoekin. Zehaztu du Afrikan eta munduko beste herrialde pobretu gehienetan askoz test gutxiago egiten direla eta, beraz, koronabirus honek leku horietan zenbat jende hil duen ezin dela jakin. «Hori argi edukita, normala da txerto gehien ematen diren lekuetan jende gehiago hiltzea COVID-19ak jota. Zergatik? Lurralde aberatsagoak direlako eta, beraz, test gehiago egin dituztelako, eta badakitelako zergatik hil diren pertsona horiek. Hego Amerikan edo Afrikan azkeneko hilabeteetan izandako hildako gehienak ez dute inoiz jakingo zergatik hil diren, testik egin ez dietelako». Leku jakin batean emandako txerto kopurua eta COVID-19ak hildakoen kopurua konparatzea, beraz, zentzurik gabeko ariketa iruditzen zaio.
Kontrakoa, gaitzak kontrolatzen ahalegintzeko bitarteko bakanetako bat dira txertoak, zientzialarien esanetan. Ez koronabirus honentzat bakarrik, txertoek oro har duten balioa nabarmendu dute bi adituek. «Txerto batek kontrako ondorioak sortzeko arriskua beti hor dago», onartu du Quindosek: «Baina, ondorio kaltegarri gehien sortzen dituzten txertoak hartuta ere (adibidez, sukar horiaren eta errabiaren kontrako txertoak), gaitz horiek sor ditzaketenak baino kalte arinagoak dira txertoek sor ditzaketenak». Txertorik gabe kalteak handiagoak liratekeela, alegia. «Txertoek milioika heriotza eragozten dituzte urtero».
Milioika heriotza gutxiago
Zenbakietan jarri du Basarasek: «Azken belaunaldietan erabilitako txertoei esker, mundu osoan urtero bi-hiru milioi heriotza baino gehiago eragozten dira». Txertoak garatzeko prozeduretan jarri du arreta, ziurrak direla nabarmentzeko: «Txerto bat merkatuan jartzen denerako, saiakuntza kliniko asko pasatu behar izan ditu, jakiteko segurua eta eraginkorra dela». Eta nabarmendu du gaitz asko kontrolpean hartzeko bidean jarri direla munduan txertoei esker. «Immunizazio programak ezarri diren lurraldeetan, immunizazio horri esker prebenitu daitezkeen gaixotasunak %95 gutxitu dira, hala nola polioa, elgorria, errubeola, difteria... Baztanga, adibidez, lortu izan da desagerraraztea txerto bati esker, eta polioa bide horretatik doa».
Beste gai bati ere erantzun dio Quindosek, konfinamendu gogorragoak izan dituzten herrialdeetan COVID-19ari lotutako heriotza gehiago gertatu direla ere esaten baitute negazionistek. «Ez dago adierazle bakar bat ere erakusten duena konfinamendu zorrotzek hilgarritasun tasa handitzen dutela. Egia da konfinamenduek kolpe larriak egiten dizkietela eguneroko bizitzari eta ekonomiari. Aintzat hartu behar dira ondorio suntsigarri horiek, eta konfinamenduak mugatu egin behar dira, saihetsezinak direnerako bakarrik utzita. Muturreko erabaki bat da, eta asko neurtu behar da haren erabilera».
Hala ere, eta oraingoz behintzat txertorik izango ez denez, itxialdiak garai jakin batzuetan ezinbestekoak izango direla iruditzen zaio Quindosi, eta eraginkorrak direla gainera: «Koronabirusaren transmisio komunitarioa handitzen den garaietan, egoera asko zailtzen ari dela ikusten dugunean, eta sumatzen dugunean ezin diogula kontu egin —ez dugulako txertorik oraindik, edo ez dugulako botika antibiriko efikazik—, eta osasun sistema kolapsatzeko arrisku larria dagoela konturatzen garenean, seguru asko, konfinamendu berriak ezartzea beharrezkoa izango da».
Quindosek gogorarazi du hain justu osasun sistemak kolapsatzeko arriskua ekarri duela COVID-19ak, eta osasun sistemek gainezka egiten dutenean heriotza gehiago gertatzen direla, bai patogeno horrek berak zuzenean eraginda, bai bestelako gaixotasun larriak izan ditzaketen beste pertsona batzuek arreta prekarioagoa jasotzen dutelako. «Gainera, osasun sistema bat pitzatzeak ekartzen du kalteberagoak diren herritarren arreta okertzea: umeak, adinekoak, haurdunak... Eta arreta okertze horrek ere heriotza tasa handitzen du».
Konfinamenduak, zuzenean, ez du inor hiltzen, baina osasun sistema kolapsatzeak bai. Eta gogorarazi du osasun sistema zaintzeko ezarri izan direla konfinamenduak. Berriro ere ezartzekotan, hori bai, aholkatu du itxialdi horiek garaiz abisatzea, «herritarrek prestatzeko denbora izan dezaten», haien iraupena mugatua eta zehatza izatea, eta herritarrei informazioa argi ematea.
Koronabirusa. SERIEA. Uste ustelak (II). Txertoak.
«Txertoak arriskutsuak dira»
COVID-19aren pandemia ukatzen duten korronte batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu