Espero zen bezala, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak bere bulegoan EH Bilduko ordezkaritza hartu izanak zalaparta politikoa eragin du. Udan, PSNk EH Bilduri betoa ezarri ostean, ezinbestekotzat jo du koalizio abertzaleak eurekin negoziatzea eta hori ikusaraztea. Asteazken arratsaldean, lehendakaria Navarra Sumarekin bildu zen, eta gero EH Bildurekin. Eskuineko koalizioaren kritiken aurrean, Txibitek normaltasuna eman nahi izan die bi bilerei: «Aurrekontuak aurrera atera behar ditugu, eta oposizioan dauden indarrekin egin behar dugu. Ez dugu inoren betorik onartuko».
Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura hasi aurretik hitz egin du, eta, negoziazioari begira, ez du inoren alde egin. «Alderdiek helarazten diguten lehentasunen edo kezken arabera, ikusiko dugu gure bazkideen aldez aurretik dugun edukiarekin kontraesanean erortzen diren, eta pasatuko diguten dokumentu horren gainean lan egingo dugu». EH Bilduk negoziazio esparruari eta aurrekontuei buruzko proposamen bat helarazi dio gobernuari; Navarra Sumak, aldiz, ez du dokumenturik aurkeztu.
Txibite «baikor» agertu da bi bilerek eman duten emaitzarekin. «Bi bilerak adeitasunez egin genituen, eta gauzak jarri genituen mahai gainean». Kazetarien aurrean azpimarratuaren arabera, Navarra Sumak batik bat zerga politika sakon aldatzeko eskaera egin dio gobernuari. Txibitek baieztatu du oraindik ez dietela agiririk eman. «Oraingoz, talde baten proposamena baino ez dugu, Navarra Sumak ez baitigu eskaintzarik egin. Bai, egon ginen zerga neurriez denbora luzez hitz egiten», adierazi du.
Gogorarazi zaio PSNk bestelako jarrera erakutsi zuela EH Bildurekin udan. «Bi plano erabat diferente dira. Gauza bat da gobernu akordio bat izatea, eta guk ez genuen EH Bildurekin itun bat egin nahi; orain, mahai gainean, ekinaldi legegileak ditugu, eta gai zehatzetan akordiora irits gaitezke», erantzun du.
Otegi: «Eskuina haserre dago»
Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak gogorarazi du Txibitek gutun bidez bilera publiko baterako gonbita egin ziela, eta aurretik jada egiten zen gauza bat «normalizatu» nahi izan duela keinu horrekin. «Hemen jada hitz egiten zen, baina ez publikoki. Garrantzitsua deritzot pauso horri, bizitza politikoari halako normaltasun bat ematen zaiolako, baita Nafarroan ere».
Haren hitzetan, «eskuina haserre dago» horregatik. «Baina hobe dute ohitzen hasi. Vox, PP eta Ciudadanosekin izan ezik, gainerakoekin harreman normalizatuak ditugu», gaineratu du. Nafarroako aurrekontuei begira, borondate kontua dela uste du Otegik. «Ezkerreko aurrekontuak izan nahi baditu, EH Bildurekin egin beharko du akordioa».
Uxue Barkos Geroa Baiko eledunaren iritziz, bi bilerek aditzera ematen dute Navarra Sumakerabaki duela «albo batera geratzea» elkarrizketa horietan, eta, aldiz, EH Bilduk «jarrera eraikitzailea» azaldu duela. Aurrekontuak negoziatu ahal izateko Navarra Sumak ezinbesteko baldintza gisa jarri duenez zerga erreforma bat ezartzea, «aldez aurretik elkarrizketatik kanpo uzten du» jarrera horrek, Barkosen ustez.