Kanpoan sindikatuak protestan ari ziren bitartean, ganbara barruan Nafarroako Gobernuak bere lehen aurrekontuak aurrera ateratzea lortu du. Hilabete eta erdi honetan, parlamentuko tramitazioak islatu duen legez, ez da ustekaberik izan azken bozketan: 22 boto alde, 20 aurka, eta zortzi abstentzio. Gobernuko hiru bazkideek alde bozkatu dute, eta EH Bilduren zazpi abstentzioek modua eman dute azken emaitza lortzeko. Ezkerra koalizioaren barruan, Batzarre baiezkoaren alde agertu zen, baina Marisa de Simon parlamentariak «jarrera kritikoa» islatu nahi izan du, eta argi utzi beharrezkoak izango balira ez luketela kontuen onarpena galaraziko.
Urtarrilaren 24an, gobernuak eta EH BIlduk akordioa izenpetu zuen, eta gastu muga beste 16,7 milioi euro handitu zuten, ogasunak bere diru sarreren aurreikuspenak aldatu ostean. Guztira, aurten 4.573 milioi euroko aurrekontua izango du Nafarroak, eta gastu muga 4.256,5 milioi eurokoa izango da, iaz baino 240 milioi gehiagokoa. Duela bi aste, batzordean egindako eztabaidan, taldeek aurkeztutako 955 zuzenketetatik 269 onartu ziren.
Gaurko eztabaidan, berriro egin dira zuzenketen bozketak, nahiz eta akordio politikoa aurretik lotua izan. Prozedura astuna izanagatik, umore ukitua eman dio Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak. Aurretik, hainbat parlamentarik bozkatzeko arazoak izan dituzte, eta zuzenketa baten emaitzan parlamentari bat bozkatu gabe geratu dela ohartarazi du Hualdek. «Bueno, aurki jabetuko gara nor den», arrapostu du, eta jarraian ohartu da bera izan dela bozkatu ez duena, gainerako 49 legebiltzarkideen algara artean. Departamenduka, Navarra Sumaren zuzenketa sorta handia zerrendatzean ere, ironia ez zaio falta izan: «Bingorako goaz».
Navarra Suma, bakarrik
Emaitza aldez aurretik ezaguna izan arren, eztabaida bizia izan dute taldeetako eledunek. Bere lehen hitzetan, Navarra Sumako Maria Jesus Valdemorosek ez du zoriondu nahi izan Maria Txibite, eta aurreko legealdian Barkosen gobernuari leporatzen zionaren kontrakoa egitea aurpegiratu dio. «Hauek Geroa Bairen eta EH Bilduren aurrekontuak dira. Iraganean inoiz ez zinateketen ados egongo aurrekontu hauekin, baina zeuen egin dituzue orain», zuzendu zaio PSNri. Haren irudiko, Adolfo Araizek pozarren egon behar du, gobernuan ez egon arren «haren politikak onartu direlako eta aurrekoen haritik joan direlako. Valdemorosen arabera, PSNren «kontraesanen eta amore emateen» isla dira aurrekontuak, eta gainerako bazkideek inposatu egin diete sozialistei Navarra Suma albo batera uztea. Gobernuari gezurra esatea egotzi dio, haiekin egiazki elkarrizketarik ez duela nahi izan argudiatuta.
Gonbidatuen harmailetan, PSCko ordezkari batzuk izan dira eztabaida entzuten, eta PSNko Ramon Alzorriz, bere lehen hitzetan, haiei mintzatu zaie, ironiaz: «Ziurrenik nahastu egingo zineten, baina ez zen Arrimadas anderea; Maria Jesus Valdemoros zen». Alzorrizek nabarmendu du Txibitek gidatutako gobernuaren lehen aurrekontuak direla, eta, Navarra Suma ezezkoan tematzen bada ere, gizarteak eskatutako elkarrizketa politikoaren emaitza izan dela. «Haur baten tankeran, negarrez eta ostikoka ari da, berea dela uste duen jostailu bat kendu diotelako». Alzorrizen arabera, eskuineko koalizioak ez du ulertu gobernatzeak ados jartzea eta amore ematea eskatzen duela. Gogora ekarri ditu Madrilen hilabeteotan egin dituen ahalegin guztiak egungo gobernua desegin zedin; «baina Madril ere aldatu egin da», azpimarratu du. Haren esanetan, aurrekontuok Nafarroaren beharrei erantzuten diote: «Ez dute Nafarroa zalantzan jartzen; lagundu egiten dute. Ez dute zatitzen; batu egiten dute»
Geroa Baiko Mikel Asiainen arabera, aurrekoen ildotik doaz, eta, haien modura, kohesio «soziala, eta memoria eta aniztasun politikak bultzatzen ditu. Halaber, gogora ekarri du UPN bere agintaldiko azken hiru urteetan ez zela gai izan gehiengorik lortzeko eta aurrekontu luzatuekin funtzionatu behar izan zuela; aldiz, aurreko legealdiko lau urteetan bezala, oraingo honetan ere gehiengoa lortzeko bokazioari eutsi zaio, «egonkortasuna emanez».
EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, aukera eman nahi izan dio berriz gobernuari. Goethe poeta alemaniarraren aipuari egin dio erreferentzia: «Ez diezaiogun elkarri galdetu ea erabat ados gauden, baizik eta ea bide berean al gauden. Gai askotan ez gaude ados, baina galdera da ea aurrekontu hauek modua ematen duten bide beretik joateko. Kasu honetan baiezkoa da». Aitzitik, PSNri ohartarazi dio ez dela txeke zuri bat, eta orain aurrekontuei bide eman izanak ez duela esan nahi automatikoki edozein egitasmori baiezkoa emango diotela. Negoziatzeko eta ados jartzeko borondatea izaten segitzeko eskatu dio. «Navarra Sumaren proiektu zaharkituari aurre egin, eta akordiora iristeko aukera dago». Halaber, «albiste ona» dela uste du eskuinak ez baldintzatzea eta negoziatzera esertzeko prest dagoen gehiengo bat egotea. Eskuineko koalizioari aipatu dio aurreko astean ikurren legearen bozketarekin pozik zegoela, eta orain poztasuna beste aldean dagoela.
Ahal Dugu-ko MIkel Builen arabera, iaz baino 240 milioi euro gehiago izango ditu aurten gobernuak, baina erronkak ere handitzen ari dira. Ahal Dugu parlamentuan sartu zenetik «ezinbesteko botoa» izan dela ohartarazi du, baina aurrekontuak aurrera ateratzeak, ezker ikuspegitik, kontraesanaren kolpeak jasotzea ere esan nahi duela uste du. Izan ere, finantza egonkortasunaren legea betetzera derrigortuta daude. Dena den, Builek gogor kritikatu du Navarra Suma, abenduan proposatutako zerga jaitsiera orokorrarekin eta oraingo aurrekontuen eztabaidan planteatutako zuzenketekin 530 milioi euroko zorra eragingo lukeelako: «Beste bi urtean, zerbitzu publikoak merkantilizatzea lortuko zenukete».
Azkenik, Marisa de Simonek Ezkerra taldearen posizioa argitu du. Koalizioan, Batzarrek aurrekontuak onartzearen alde egin du, baina Nafarroako Ezker Batua kontra zegoen. Abstentzioarekin, «jarrera kritikoa» azaldu nahi izan dute. De Simonek argitu du udako akordio programatikoaren aldeko konpromisoa ez dela aldatu, eta ez luketela aurrekontuen onarpena galaraziko, behar izanez gero. Hala ere, De Simonen ustez, aurreko lau urteetan UPNk eta PPk ezarritako murrizketak irauli baziren, norabide horretan «ez da aurrerapauso nabarmenik eman». Horren adibide jarri du Hezkuntza, itunpeko ikastetxeen laguntzak handitu direlako eta aitzitik Hezkuntza publikoaren aldeko ituna betetzeko finantzaketa nahikorik ez dagoelako.
ELA eta LABen elkarretaratzea
Eztabaida hasi aurretik, bi elkarretaratze egin dira eraikinaren kanpoaldean. Lehenik, hezkuntza publikoaren aldeko ituna izenpetu zuten sindikatu guztiek, eta bertan jasotako neurri guztiak betetzeko eskatu dute. Bestetik, ELAk, LABek eta Gutun Sozialaren sinatzaileek beste kontzentrazio bat egin dute «aurrekontu antisozialen aurka». ELAko Imanol Pascualen arabera, aurrekontuek «bidegabeko zerga politika bat dute oinarri», eta EH Bildu eta gobernua ez dira gai izan norabide antisozial hori iraultzeko. «Jabetzen gara zein den parlamentuko aritmetika, eta badakigu instituzioetako jarduerak mugak dituela, baina ezin da okerreko mezua eman, eta hori egin dute akordio horren bidez». Urtarrilaren 30eko greban aldarrikatutako neurriak erakundeetan defendituko dituzten aliatuak behar dituztela gaineratu du. LABeko Imanol Karreraren arabera, «borondate politikoa falta da».