Txilibitu hotsak ikusiezinari

Donostiako kaleetan desfilea egin ondoren hartu dute Berdintasun Saria Hondarribiko eta Irungo alarde mistoetako kideek. Jarduteko eskatu diete erakundeei, andreak eta gizonak pareko aritzeko.

Jaurlaritzako eta Emakundeko ordezkariak, alardeetakoei sariak ematen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Jaia aldarrikapen eta aldarrikapena jai bihurtu zuten atzo arratsean Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetako kideek: Emakunderen Berdintasun Saria jaso zuten, Donostian. Andreen eta gizonen parekidetasunaren alde egindako lana eskertu nahi izan zien gisa horretara Emakundek. Herrian egiten duten legez egin nahi izan zuten atzo ere aldarria bi alarde parekideetako kideek: desfilea egin zuten Donostiako kaleetan barrena, gizonek eta emakumeek elkarrekin. Txilibitu hotsekin egin zuten ikusiezinaren aurka. Txalo zaparradaz hartu zituzten.

Kursaal barruan ateak itxita beharrean, aldarria kalera atera zuten gisa horretara. Bulebarretik Kursaalerako bidean, gaztetxoak jarri zituzten aurretik, alarde parekideak duen etorkizunaren erakusgarri. Kale bazterrean haien guraso asko bildu ziren, argazki makinak eskuan; «gordetzeko unea da», zioten elkarri. Kalean gero eta jende gehiago elkartuz egin zuten bidea, ikusmin handia sortu baitzuten: eguraldi ona lagun, jendetza zebilen arratsaldean Donostian, eta, horrelako zalapartak eta jendetzak erakarrita, are gehiago elkartu ziren. Kursaal inguruan lehertu zen giroa: eraikina inguratu zuten txilibitu hotsekin, eta malkoren bat edo beste ere izan zen, batez ere edade batetik aurrerako emakumeen artean. Seme-alabak elkarrekin ikusita, hunkitu egin ziren.

Jende askoren begiradak jaso zituzten atzo alarde mistoek Donostian. Keinu itsusirik ez zuten jaso: ez zuten plastiko beltzik ikusi eta ez zuten txistu hotsik entzun. Ordea, maiz jasan behar izan dituzte horrelakoak Hondarribian eta Irunen. «Guztiek ez baitute gauza bera ikusten: batzuentzat jai parekide dena besteentzat arazo hutsa da», ohartarazi zuen Maria Silvestrek, Emakundeko zuzendariak. Tradizioarekin zuritzen dute emakumeei kantinera soilik ateratzen uztea. Ez da baleko arrazoia, Silvestreren esanetan: «Tradizioen aurka ez gaude gu, baina alda daitezke. Eta onerako da aldaketa».

Jaurlaritzari kontu eske

Aldaketarako bidean zailtasunak etengabe ari dira izaten, ordea. Horiek hartu zituen gogoan Anabel Salinas Hondarribiko Jaizkibel konpainiako eledunak. Eusko Jaurlaritzak iaz bidea aldarazi izana salatu zuen, atzo jakinarazitako epaiaren berri ematean. «Espero dugu aurten halakorik ez izatea». Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea zuen albo-alboan.

Mendiaz gainera, erakundeetako ordezkaritza zabal bat izan zen ekitaldian: Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko eleduna, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Iñigo Lamarca EAEko arartekoa, besteak beste. Kursaalean egin zieten harrera alardeei.

Haiei guztiei egin zien dei Salinasek: «Laguntza behar dugu, neska eta mutiko hauek berdintasunez parte hartu ahal izan dezaten alardean». Neska batekin eta mutiko batekin igo zen saria jasotzera. Erakunde guztiek ez zuten, ordea, ekitaldian parte hartu: ez ziren joan Hondarribiko eta Irungo alkateak. Haien jarrera salatu zuen Irungo taldeko eledun Txaro Arribasek: «Urteotan ikusi dugu erakundeek jardun behar dutela gutxiengoen eskubideak errespetatzeko. Utzikeriaz arituz gero, intransingenteek irabazten dute».

Mezu horrekin bat egin zuen Mendiak berak ere: «Erakundeon betebeharra da andreek berdintasunez parte hartzeko eskubidea bermatzea». Maiz behar bezala ez direla aritzen aitortu zuen: «Hobeto egin dezakegu». Berdintasuna lortzeak gizarte osoaren helburu izan behar duela nabarmendu zuen. «Batzuek, ordea, arazo gisa ikusten zaituztete, eskubideak defendatzea bekatu balitz bezala», esan zien alardeko kideei. Hala, egindako eginahala eskertu zien sariaren bitartez. «Ez da erraza izan, baina ez duzue etsi».

Atzera begira, alarde parekidean hasi zirenei begira, jarri nahi izan zuten Salinasek eta Arribasek. Hasierako urteak gogoratu zituen Irungo ordezkariak: «Ausartak ginen, gazteak, eta ez genekien zer-nolako indarra genuen gure aurka. Ikusi dugu ez dela aski legea alde izatea». Hartara, Emakunderi eskerrak eman zizkion: «Badakigu ez dela erraza eta erosoa izan guri saria ematea». Urteetan txistu joka izan dituztenak hartu zituen gogoan Salinasek: «Asko ikasi dugu haiengandik ere». Haiei egin zieten txistu atzo, txaloen bitartez egin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.