Txina %7,4 hazi zen iaz, tasarik txikiena 1990az geroztik

Aurten gehiago motelduko da hazkundea, %7 ingurura.

Iker Aranburu.
2015eko urtarrilaren 20a
12:51
Entzun

Gutxika-gutxika hazkunde erritmo bizia moteltzen ari da Txina. Joan den urteko tasa (%7,4) oso handia da Mendebaldeko begietatik begiratuta, baina, hala ere, azken 24 urteotako txikiena da Asiako potentzia ekonomikoan. 2013. eta 2012. urteetan, esaterako, %7,7 izan zen, %9,3 2011n, eta %10etik gora aurreko urte gehienetan.

Pekingo gobernuak garrantzia kendu dio hazkundearen moteltzeari, “normaltasun berriaren” ondorio dela esaten baitu. Gobernuak badaki agortzen ari dela %10eko hazkunde tasak eragiten zuen hazkunde eredua. Inbertsio handietan, zorpetzean, eskulan merkean eta ekoizpen masiboan oinarritutako eredu horretatik hazkunde orekatuago batera jo nahi du Txinako Gobernuak, eta horretarako neurriak hartzen aritu da azken urteotan. Inbertsioa guztiz ahaztu gabe, kontsumo pribatuari indarra eman nahi dio Pekinek, ekonomia aberatsenetan bezala, eta orain arte guztiz baztertuta eduki duen ingurumenari garrantzia emango diola agindu du.

Ildo horretan, onartu dute hurrengo urteotan beherantz jarraituko duela hazkunde erritmoak, eta aurten %7ren ingurukoa izango dela. Gehiago jaitsi du Nazioarteko Diru Funtsak, %6,8ra aurten eta %6,3ra datorren urtean.

Tasa horiek askoz gehiago jaistea arriskutsutzat jotzen dute analistek, langabezia eta gizarte protestak eragin ditzaketelako, eta horrela ahuldu Txinako Alderdi Komunistak botereari eusteko duen armarik onena, egoera ekonomikoaren hobekuntza.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.