Sanferminak

Txistuak izan dira Curia kalean prozesioa katedralera iritsi aurretik

Goizean Merkaderes kalean tira-birak izan dira gzte batzuen eta udaltzainen artean, gazteek prozesioa pasatu denean "kanpora" oihukatu dutelako. Bideoa: txistuak eta 'Independentzia' pankarta Curia kalean. [YouTube]http://youtu.be/3hQb_dx2-mA[/YouTube]

2011ko uztailaren 7a
16:38
Entzun

Aurten ere ez da txisturik falta izan San Fermin eguneko prozesioa Curia kalean sartu denean, Iruñeko katedralera iritsi aurretik. Udalbatzako zinegotzi guztiak ez dira egon, Ezkerrakoak ez baitu parte hartu, baina bai gainontzeko guztiak, tartean, bere garaieragatik nabarmen, Pedro Martinez de Eulate Bildukoa.

Yolanda Barcinak Nafarroako presidente den aldetik hartu du parte prozesioan, eta berak eta Enrique Maia alkateak txistuak entzun behar izan dituzte. Curia kalean, gainera, goitik behera Independentzia leloa zuen pankarta handi bat egon da zintzilik. Prozesioa hasi aurretik Espainiako Poliziaren hainbat furgoneta gerturatu dira katedralera baina ez da istilu handirik izan.

Tira-birak izan dira, ordea, baina Mercaderes kalean, goizean. Edurne Elizondo BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean azaldu duenez, tira-birak ere izan dira prozesioan. "Mercaderes karrikan istiluak izan omen dira. Hainbat pertsonaren artean liskarra sortu, eta udaltzaingoak hartu omen du karrika". Taberna batera ere sartu omen dira udaltzainak.

Joseba Oiz BERRIAko kazetariaren argazki eta bideoan ikus daitezke. Gazte batzuk "kanpora, kanpora" oihukatzen hasi direnean udaltzainak oldartu zaizkie. Haisiera batean, udaltzainek gazte batzuk eraman dituzte, baina askatu egin dituzte eta ez da atxiloturik egon.

BERRIA.INFOk webgune berezia egin du sanferminterako. BERRIAko kazetariak, gainera, festaren gora-beheren berri ari dira ematen Berriketan.info aktualitatearen gainerako sare sozialean 2011ko sanferminei buruzko atalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.