Txoli Mateos (soziologoa eta EHUko irakaslea): "Egun, hezkuntza eztabaidak ez daude hain politizatuta"

EHUko irakasleak bere doktore tesian aztertu zuen EEPLren ezarpenaren inguruan euskal nazionalismoak izandako jarrera; orduan sorturiko urradurak gaur egun "erdi ahaztuta" daudela dio, jarrera pragmatikoagoak gailendu baitira.

2013ko otsailaren 17a
08:51
Entzun

Gotzon Hermosilla

Txoli Mateos soziologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak EEPL Euskal Eskola Publikoaren Legearen ondorioz zenbait ikastola publiko bilakatzeko prozesua aztertu zuen bere doktore tesian. Zehazki, prozesu horren inguruan euskal abertzaletasunak izandako jarrerak ikertu zituen.

Zein testuingurutan onartu zen Euskal Eskola Publikoaren Legea?

1993an ebatzi zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak (EEPL) amaiera jarri nahi izan zion 1978tik zetorren egoera atipiko bati, EAEko hezkuntza sistemako ikastolak ez baitziren ez publikoak, ezta pribatuak ere. Izan ere, urte hartan jaso zuen ikastola sareak titulartasun publikoa Eusko Kontseilu Nagusiaren eskutik, eta ikastetxe publiko ez-estatal  bihurtu ziren. Hasiera batean, horrela, desagertu egin zen eraketa autonomikoaren aurretik zeukan aparteko eskola izatearen kutsua. Gerora, ordea, presio eskerga jasan zuen hezkuntza sistemaren antolaketa normalizatuaren parte izan zedin, hots, bere burua sare pribatuan edo publikoan koka zezan. Nolabait esanda, ikastolek zirt edo zart egin behar izan zuten delako legearen karietara.

EAEko hezkuntza sistemaren garapenaren eta horretan euskarazko irakaskuntzak hartu zuen indarraren ondorioz, ikastolak eta eskola publikoak lehiakide bilakatu zirela esan daiteke?

Ikastolaren eta eskola publikoaren arteko balizko lehia alde askotatik azter zitekeen, baina nik euskal nazionalismoaren ikuspuntutik aztertu nuen. Ildo horretan, zalantza barik esan daiteke ikastola eta eskola publikoa lehiakide bihurtu zirela nazionalismoaren diskurtsoan. Kontuan hartu behar da euskal gizartean ikastolak lortua zuen atxikimendua euskararen berreskurapenean egindako ahaleginari zor zitzaiola, batez ere. Ahalegin hori frankismoaren garai zailetan egindakoa zen, gainera. Baina sare publikoak, denbora laburrean, oso emaitza onak erakutsi zituen euskarazko ereduetako matrikulazioetan. Are gehiago, herri askotan ez zen egon ikastolarik; hasiera-hasieratik eskola publikoa arduratu zen euskarazko irakaskuntzaz. Sare horretan guraso eta irakasle abertzale asko buru- belarri ibili ziren lanean eskola publikoa euskaldundu nahian.

Zeintzuk izan ziren euskal nazionalismoaren eragile nagusien jarrerak auzi honetan?

Urte horietan egon ziren aurkamenduak eta aliantzak oinarri hartuta, aldi bi bereiz daitezke. Lehenengo aldian, 1978tik 1987ra bitarte, administrazio autonomikoaren kudeaketa EAJren eskuetan egon zen. Harreman gozoak garatu ziren EAJ eta Ikastolen Elkartearen artean, eta ikastolak administrazioaren babes osoa izan zuen. EE, HB eta EILAS egon ziren beste aldean, EAJrekiko oposizio lana eginez, hari eta Ikastolen Elkarteari leporatuz ikastolak kontrolpean eduki nahi izatea. Bigarren aldian, ordea, EAJ eta PSE-PSOE gobernukideak, EEren laguntzarekin, elkar hartuta aritu ziren, esanez ikastolaren normalizazioa (hots, hirugarren sare modura desagertzea) mesedegarria izango zela euskal gizartearentzat. Gainerako guztiek (HB, LAB, Ikastolen Elkartea, EILAS eta ELA) gobernu autonomikoaren jarduna gogor kritikatu eta EEPL gaitzetsi zuten, arrazoi desberdinak adierazi bazituzten ere.

Auziak kontraesanak sortu zituen ezkerreko abertzaletasunaren esparruan?

Hala da, eta, berez, oro har, HBren inguruko sektoreek publikotasunaren aldeko diskurtsoa garatu zuten. Ezkertiarrak ziren heinean, ez zuten gogoko pribatu berbari lotua etortzen zena. Baina, horrez gain, ezkerreko abertzale batzuentzat ikastola gai estrategikoa zen, etorkizuneko euskal hezkuntza sistemaren hazi modura ikusten zen, eta momentu hartako borroka politikoaren ikur gisa. Ezinezkoa zen hura administrazio autonomikoaren kontrolpean uztea besterik gabe, azken batez, gobernu autonomikoa bera legitimatzea baitzen. Eta, beste batzuentzat, aldiz, helburu politiko berberak izan arren, eskola publikoak betetzen zuen izaera hori. Eskola herrikoia eta euskalduna zela zioten, eta ez zuten ulertzen ikastola sare pribatuan geratzearen aldeko jarrera. Ezker abertzalearentzat, bereziki mingarria izan zen erabaki beharra, haren barruan elkarrekin bizi baitziren ikastolaren defendatzaile sutsuak eta eskola publikoaren aldeko jarrera militanteak.

Beste aldetik, ikastolak izaera publikoaren edo pribatuaren artean hautatu beharrak nolako tentsioak sortu zituen herrietan?

Nik tesian ez nuen gai hori aztertu, baina elkarrizketatutako eragile batek aitortu zidan EAJren zatiketak eragindakoak baino tentsio handiagoak egon zirela herri batzuetako abertzaleen artean. Edozein modutan, uste dut garai hura ezagutu genuen guztiok izan genuela aukeraren bat edo beste gaiaren konplexutasunaz jabetzeko eta nolako hautsak harrotzen zituen ikusteko ere. Hori euskal nazionalismoari dagokionez, zeren eta espainiar nazionalismoarentzat ere ez zen izan gai hutsala. EEPL ebatzi osteko urteetan, hala, behin baino gehiagotan adierazi zuen lege hura euskal nazionalismoaren kontrako arrakasta izan zela.

Garai hartako urradurak dagoeneko osaturik daudela uste al duzu?

Neurri handi batean baietz esango nuke. Osaturik baino gehiago, erdi ahaztuta daude. Agian, zerikusia izango du egungo hezkuntza eztabaidak hain politizatuak ez egoteak. Ikastolak (EAEkoez ari naiz) eta eskola publikoak, bi-biek galdu dute lehen zuten esangura politiko eskerga. Edo, behintzat, zama hori ez da lehen bezain handia. Nago guraso abertzaleak pragmatikoagoak direla aukera egiteko orduan, gai batzuetan gizarte osoak horrelako bilakaera izan du eta. Oraindik publiko/pribatu izaerari erreparatzen bazaio ere, bestelako irizpideek indar handiagoa hartu dute. Hala, gaur egun herri txiki bateko ikastetxe publikoa aukeratu ahal da haurrak hiri handi bateko ikastolan baino hobeto euskalduntzen direlakoan; eta, aldiz, ikastola hobets liteke eskola publikoaren gainetik hark bermatzen duelakoan ondoen kalitatezko hezkuntza. Adibide bi horiekin adierazi nahi dut, tentsio politiko handirik ezean, bestelako irizpide batzuek hartzen dutela indarra. Beste kontu bat da Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian gertatzen dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.