euskara

'Txoria txori' Kilometroetan

Mikel Laboaren abestia kantatuko dute Donostiako ibilbideko leku orotan 12:30ean. Urriaren 4an izango da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. Ibilbidea 6,5 kilometrokoa izango da eta sei gune edukiko ditu. Zurriola Ikastolak eta Barandiaren Lizeoak batzeko asmoa dute.

2009ko irailaren 24a
16:44
Entzun
Mikel Laboa abeslaria (Donostia, 1934-2008) gogoan izango dute aurten Donostiako Kilometroetan, haren kanta bat abestuko dutelako ibilbideko leku orotan eta denean ordu berean -12:30ean-: Txoria txori. Kilometroetako antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilaldian egongo diren lagun denei eskatuko diete abesti hori kantatzeko, eta festako ekimen denak geratu egingo dituzte une horretan. JosAnton Artzeren poeman oinarritutako kanta da Txoria txori.

Abenduaren 1ean hil zen Laboa, gaixotasun baten ondorioz. Euskal kantagintzak emandako abeslaririk handienetakoa izan da.

Urriaren 4an izango da aurten Gipuzkoako ikastolen aldeko festa, eta gaur eman dituzte xehetasunak Arantza Manterolak (Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria), Joxe Mari Eizmendik (Zurriola Ikastolako zuzendaria), eta Josebe Muguruzak eta Igor Elortzak (2009ko Kilometroetako koordinatzaileak). Zurriola Ikastolak (1968an sortu zuten) eta Barandiaren Lizeoak (1973) antolatuko dute jaia. Bi ikastetxeek batzeko asmoa daukate, eta Gros auzoan jarriko lukete egoitza.

Ibilbidea 6,5 kilometrokoa izango da eta sei gune edukiko ditu (Zurriola Ikastola, Kotxerak, Uliako haztegiak, Manteo, Sagues eta Kursaala). Donostiara iristeko garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.