2010eko sanferminetako txupinazoan istiluak sortzea leporatuta inputatuta dauden 11 lagunek auzia artxibatzeko eskatu dute. Joan den astean Iruñeko Adingabeen Epaitegiak absolbitu egin zituen auzi berean auzipetutako hiru nerabe, ezin izan delako frogatu istiluetan parte hartu zutela. 11 inputatuek uste dute epai hori «aurrekaria» dela eta berrestera datorrela «zentzugabea» dela haien aurka hasitako prozedura judiziala.
Epaiketaren zain daude oraindik duela bi urteko sanferminetako istiluak eragiteagatik oraindik ere inputatut dauden 11 herritarrak. «Desordena publikoak» eragitea eta Udaltzaingoari eraso egitea leporatzen diete denei. Datozen egunetan jakingo da Fiskaltzak haien aurka eskatzen duen zigorra.
Inputatuek prentsaurrekoa eman zuten atzoIruñean, Eleak mugimenduko zenbait kidek lagunduta. 11 gazteek nabarmendu zuten 2010eko txupinazoko istiluen «erantzule bakarrak» udala eta udaltzainak izan zirela. Azaldu zutenez, istiluak ez ziren sortu ikurrina erakutsi zutelako, poliziaren esku hartzeagatik baizik. «Polizien xedea ez zen izan delitu bat eragoztea edo txupinazoan zeudenen osotasun fisikoa babestea, ikurrina zentsuratzea eta erreprimitzea baizik». Udaltzainen jarrera «basatia eta zeharo arrazoigabea» izan zela salatu zuten: «Bortxa handiz jo zuten hainbat lagunen kontra eta izua zabaldu zuten jendearen artean».
«Zentzugabekeriaren» adierazgarri da, gazteen arabera, poliziaren oldarraldiaren ondorioz gazte madrildar batek jaso zuen botila kolpea bi laguni leporatu izana. Gazteen ustez, horrek erakusten du «frogak behar izan ahala asmatzen» direla epaiketarekin «nola edo hala» aurrera jarraitu nahi dutelako.
Bestalde, Expe Iriarte eta Ibai Iriarte Eleak mugimenduko kideek elkartasuna adierazi zieten inputatuei eta istiluetan zauritutako herritarrei, eta berretsi zuten gertaeren erantzule bakarra udala dela, «poliziak indarkeriaz eta neurriz kanpo esku hartuz istilu larriak eragin zituelako».
Eleak mugimenduko kideen ustez, inputatuen aurkako epaiketa «politikoa» da eta ikurrina du jomuga: «Ikurrina ikur legala da, baina Iruñeko Udalak, UPN buru, sanferminetatik desagerrarazi nahi izan du azken urteetan». Eleak-ekoek ohartarazi dutenez, lanean jarraituko dute udalak auzian duen erantzukizuna bere gain har dezan.
Txupinazoko auzia artxibatzeko eskatu dute 11 inputatuek
Gazteek Iruñeko Udala egin dute istiluen erantzule, eta Poliziak ikurrina «zentsuratzea» zuela xede salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu