«Kartzelako gizarte laguntzaileak asteazken goizean deitu zigun anaiari bihotzekoak eman ziola- eta ospitalera eraman zutela esateko. Orain, nahiko ondo dago, baina haren egoera larria da». Jose Mari Perez Txuri euskal presoaren osasun egoeraren berri haren arreba Pili Perezek eman zuen atzo, hainbat herritarrek eta Etxerat-eko kideek Donostian egin zuten agerraldian. Joan den astean, Zarauzko (Gipuzkoa) preso Jose Mari Perezi bihotzekoak eman zion Burgosko kartzelan: «Bizikletan zebilela, besoan eta bizkarrean min arraro bat nabaritu zuen, eta kartzelako medikuarengana joan zen. Hark azterketa bat egin zion, eta egoera larria zela ikusi zuenez, ospitalera eraman zuten berehala». Erietxean kateterismo bat egin zioten, eta stent bat ere jarri zioten. Perez zaintza intentsiboetako unitatean eduki zuten bi egunez; ostegunean, gelara igo zuten, eta, egun, han dago. Presoaren familiartekoek esan dutenez, espetxearen baimena badute senidea ikusteko, eta ostegunean egon ziren harekin. Etxerat elkarteko kide Oihana Lizasok adierazi duenez, euskal presoaren osasun egoera «eboluzio ona» ari da izaten.
Etxerat-ek gogorarazi du Perezek aurten 25 urte beteko dituela espetxean eta lau urte direla kalean behar zukeela: «2008tik aske behar lukeen arren, Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina aplikatu zion, eta 30 urtera zigortuta dago». Hori dela eta, Txuriren egoera salatzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean, 18:00etan, Zarautzen, udaletxeko plazatik abiatuta. Etxerat-en arabera, «ezinbestekoa» da euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespenezko zigorrak amaitzea. Eta dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei senideen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten muturreko egoerak indargabetzeko. Txuriren kasua indarrean dagoen espetxe politikaren adibidea dela uste du Etxerat-ek, zarauztarrak beste arazo batzuk ere izan baitzituen bihotzekoak eman aurretik. «Euskal preso politikoei bizi guztiko zigorrak ezartzen zaizkie; eta espetxean denbora luzea igaro behar izateak presoen osasunean eragiten du».
Iñaki Erro eta Txus Martinen kasuak ere aipatu zituen Etxerat-eko Lizasok. Erro kartzelan dago zigorraren hiru laurdenak beteak izan arren, eta urtarrilaren 18anerietxera eraman behar izan zuten bihotzeko arazo larri baten ondorioz. Martinek ere gaixotasun larri bat du, eta Zaballako espetxera (Araba) lekualdatu zuten iazko azaroan. Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den astean atzera bota zuen Martin aske uzteko eskaera.
Aurten, hiru istripu dagoeneko
Euskal presoen senideek 2012an dagoeneko hiru errepide istripu izan dituztela ere jakinarazi zuen Etxerat-ek. Horietatik bi, igaro den asteburuan. Ostiralean, Gorka Betolaza Gasteizko presoa bisitatzera zihoazen hiru lagunek izan zuten istripua. Valladolid inguruan, errepide bazter bat jo zuten, eta autoa erabat suntsitu zen. Bidaiariek ez zuten kalte fisiko larririk izan. Igandean, berriz, Puerto IIIn (Cadiz, Espainia) bisita egitetik zetozen hiru lagunek izan zuten ezbeharra. Joseba Esparza, Xabier Rey eta Joseba Lerin presoen senide eta lagunak ziren, eta haiek ere ez zuten kalte fisikorik izan, nahiz eta autoak kalte handiak izan. Hirugarren istripua urtarrilaren 28an gertatu zen, Eibarren (Gipuzkoa). Ondorioz, Arkaitz Argote presoaren senide batek gorputz osoa mindua izan du.
Etxerat elkarteak salatu du sakabanaketa politikaren ondorio direla istripu horiek, eta politika horiek indargabetzeko eskatu du.
«Borroka eguna» Potiersen
Atzo Askatasunak informatu zuenez, Potierseko espetxean (Frantzia) diren euskal presoek «borroka eguna» egingo dute larunbatean, «espetxe baldintza onartezinak, besteak beste urrunketa eta sakabanaketak are gehiago larritzen dituzten bisitentzako baldintzak eta frantses agintarien jarrera salatzeko». Espetxe kanpoaldean, berriz, elkarretaratzea egingo dute.
Txurik 2008tik aske egon beharko zukeela salatu du Etxerat elkarteak
Jose Mari Perez presoak bihotzekoa izan zuen lehengo astean; haren osasun egoerak hobera egin du, baina erietxean da oraindikEuskal presoaren alde, manifestazioa egingo dute Zarautzen, larunbatean, 18:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu