Hainbat ekitaldi martxan jarriko ditu Herrira plataformak Bizkaian datozen asteetan, gaixorik dauden presoen egoera salatu eta haiek askatzea galdegiteko asmoz. Hala, martxoaren 24an 24 orduko elkarretaratzea egingo dute Bilboko Moiua plazan, eta bertatik irtengo da hurrengo egunerako deitu duten manifestazioa, 12:30ean.
Horren aurretik, anbulantziabat Bizkaian zehar ibiliko da Txus Martin preso basauriarraren egoera azaldu eta aska dezatela eskatzeko. Anbulantzia atzo irten zen Basauritik, eta, Bizkaia herriz herri zeharkatu ostean, Bilbon bukatuko du ibilbidea, martxoaren 24an.
Herrira mugimenduko Roberto Novalek eta Jon Egiluzek agerraldia egin dute Bilbon, Martinaska dezatela eskatzeko abian jarriko dituzten ekintzen berri eman eta presoaren «egoera jasangaitza» salatzeko. 2002an atxilotu zuten Martin Frantziako Estatuan, eta bost urtez bakartze egoeran egon zen kartzelan. Herrira-ko kideek jakinarazi dutenez, bere buruaz beste egiten saiatu zen Martin 2010eko irailean, Aix-eko espetxean preso zelarik. «Muturreko egoera» horrek «ondorio psikotikoak» izan dituela azaldu dute. Izan ere, horren ondorioz «nahasmendu psikoafektiboak» diagnostikatu zizkioten Martini.
Herrira-ko kideek salatu dutenez, preso basauriarra Espainiaratu dutenetik «osasun artarik eza sistematikoa izan da». Gaur egun, Martin Zaballako espetxean (Araba) dago preso. Haren egoerak «okerrera» egin duela nabarmendu du Egiluzek: «Tratamendu egokia izan dezan, aske egonbehar du». Hortaz, Espainiako zein Frantziako estatuek espetxe politikaren inguruan «mantentzen duten jarrera itxiaren» aurrean, Herrira-ko kideek «xantaiarik eta baldintzarik gabeko askatasuna» eskatu dute gaixo diren presoentzat.
Sarkozy eta presoak
Joan den astean, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk euskal presoen sakabanaketa bukatzea «desiragarria eta posiblea» dela adierazi zuen Lapurdira egindako bisitan. Bada, adierazpenak «positibotzat» jo ditu Novalek, «euskal gizartearen gehiengoa azken hilabeteetan eskatzen ari denarekin» bat egiten dutelakoan.
Hala ere, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen aurreko testuinguruan «boto batzuk gehiago lortzeko modua izan daitekeela» nabarmendu du, eta Sarkozyri «hitzetatik haratago» joateko eskatu dio.
Bestalde, Espainiako Estatuan Raxoik eta PPk «guztiz kontrakoadierazpenak» egiten dituztela gogorarazi du Novalek.
Manifestazioa Iruñean
Sakabanaketa politikaren ondorioak salatzeko, manifestazioa iragarri du Herrira mugimenduak martxoaren 11rako, Txantrean (Iruñea). Istripu gehiagorik ez, dispertsioa amaitu lelopean, manifestazioa Euskara plazatik abiatuko da, 18:00etan.
Auzoko presoen senideek gogorarazi dute kartzeletara egindako bidaia luzeek istripu ugari eta gastu ekonomiko handia eragiten dutela. «Nahitaezkoa ikusten dugu pertsona askoren sufrimendua luzatu eta haien bizitza jokoan jartzea lortzen duen politika latz hau bukatzea».
Txus Martin aska dezatela eskatzeko, manifestaziora deitu du Herrira-k Bilbon
Gaixorik dauden presoen egoera salatuko du anbulantzia batek datozen asteetan, Bizkaian zehar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu