Txus Martin askatzeko eskatu du Gernikako Akordioak, kartzela aurrean

Ertzaintzak hainbat oztopo jarri arren, elkarretaratzea egin du, eta presoaren bizia arriskuan dagoela salatu

Zaballako kartzela atarian egitekoak ziren elkarretaratzea, baina espetxerako bide ondoan egin behar izan dute. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Zaballa
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Gaixo dago Txus Martin Basauriko presoa. Larri, buruko gaitzak jota. Nahasmen eskizo-afektiboa du, delirioak eta paranoiak, besteak beste. Gaixotasun psikologiko sakona du. Haren senideek ohartarazi dutenez, orientazioa galdua du, kosta egiten zaio koherentziaz hitz egitea, eta ziegan galduta igarotzen ditu egunak, bazkaltzera edo patiora noiz joan behar duen ere ez dakiela. Egunetik egunera okerrera egiten ari da, eta gaixotasun larria duelako aske uzteko eskatua badu ere, preso dute Zaballako espetxean. Martin berehala eta baldintzarik gabe aska dezatela eskatu dute Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek. Zaballara joan dira horretarako, espetxe aurrean elkarretaratzea egitera. «Egungo egoera mantenduta, Espainiako Espetxe Zaintza Txus Martinen osasuna eta bizitza ere arriskuan jartzen ari da», ohartarazi du Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko kideak, Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean.

Presoen egoerari buruzko erabakiak hartzen dituen Espetxe Zaintza Martinen bizitzarekin «jolasean» ari dela salatu du Ugartek. «Espetxean mantentzeko helburu bakarra mendeku politikan sakontzea da, eta kartzelatua dagoen pertsona gaixo baten sufrikarioa muturrera eramatea».

Martinek kalean egon behar lukeela ohartarazi du; Espainiako espetxe legediak hala jasotzen duela. Hortaz, gaixoa preso edukitzea «oinarrizko eskubideen kontrako erabaki politikoa» dela salatu du.

Mendekuak alboratzeko unea

Halako egoerak amaitzeko eskatu du Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkariak: «Sufrimendu oro amaitzeko tenorea da, mendeku politikak alde batera uzteko unea». Izan ere, Ugarteren esanetan, euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika «bakea eraikitzearen kontrakoa da», oinarrizko eskubideak urratzen ditu, eta «euskal gizartearen gehiengoak exijitzen duen aldaketaren kontra egiten du».

Egoera hori dela eta, eskaera argia egin dio Espainiako Gobernuari: «Bakearen bidean urratsak egiten hasteko exijitzen diogu, euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eta euskal gizartearen aldarrikapenak kontuan hartzeko». Bide horretan, Martin eta gaixotasun larriak dituzten gainerako presoak berehala askatzeko eskatu dio.

Zaballako elkarretaratzean bildu direnei zein euskal herritarrei, berriz, halako egoerak amai daitezen «presioa egiten jarraitzeko» eskatu die Ugartek. Gernikako Akordioaren sinatzaileek erabaki hori hartua dutela azaldu du, eta presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi.

Zaballako kartzelaren inguruetan esan ditu horiek Hiru sindikatukoak, Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkari gehiago inguruan zituela. Bertan izan dira, esaterako, ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu eta Niko Moreno, Alternatibako Josu Astarrona, LAB sindikatuko Rafa Izquierdo, ESK-ko Celia Muñoz eta Etxerat-eko Ana Saez de Urabain. Jaiki Hadi medikuen elkarteko Mati Iturralde ere egon da protestan, eta Independentistak sareko Itziar Ituño aktorea ere bai, Martinen senideekin eta 80 bat herritarrekin batera.

Lokatz artean

Zaballako espetxeraino joan diren protestariek lortu dute elkarretaratzea egitea, baina kostata. Kartzela atarian egin nahi zuten mobilizazioa Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Kartzela mendi aldean dagoenez, espetxeko aparkalekura joan dira lehenik guztiak, autoz. Autotik jaisten ari zirela ertzainak joan zaizkie ziztu bizian, handik alde egiteko modu zakarrean aginduz.

Autoak ere kartzelaren eremutik kanpora ateratzeko agindu diete protestariei, eta hala egin dute guztiek, errepidean behera ilaran joanda. Espetxearen eremua igarotzean, bide bazterrean utzi dituzte autoak, elkarretaratzea ondoan egiteko. Segika zituzten ertzainek han ere ezin zutela autorik utzi oihukatu diete. Nahi bazuten, errepidearen beste aldean, lokatz artean uzteko. Hala egin dute protestariek. Autotik jaitsi, eta errepide bazterrean jarri dira pankarta eta guzti. Hori ere ez zuten gustuko ertzainek. Gehiago baztertzeko, eta asfaltorik ez zapaltzeko agindu diete. Zelaia zapaldu behar zutela. Lokatza. Zentzugabekeria aurpegiratu arren, halaxe egin dute elkarretaratzea, lokatz artean, ertzainek auto guztien matrikulak eta kazetarien egiaztagiriak hartzen zituzten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.