«Espetxean igarotzen duen egun bakoitzean, Txus Martinen bizitza arriskuan dago», ohartarazi dute Eñaut Lejarreta eta Sera Rey Herrira mugimenduko kideek Bilbon. Frantziako espetxeetan bost urtez bakartuta egon ondoren, buruko gaitza sortu zitzaion Martini, eta ordutik okerrera egin du. Nahasmen eskizo-afektibo larria du; gaixotasun larri eta sendaezina. Espetxean egonda gaitza ezin zaiola tratatu ohartarazi dute Herrira-ko kideek. Horregatik, berehala askatzeko eskatu dute EAEko Auzitegi Nagusiko kanpoaldean egindako elkarretaratzean.
Okerrena gerta ez dadin eta gaixoak behar duen tratamendua jasotzeko aukera izan dezan, berehala kaleratu dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari. Bitartean presoaren eskubideen aldeko lanean jarraituko dutela hitzeman dute, «etxera bizirik eramatea lortu arte».
Ostegunean, berriz
Datorren ostegun eguerdian berriz ere protesta egingo du Herrira-k auzitegiaren aurrealdean. Eta hilaren 24 eta 25ean, Martin zein gaixo dauden gainontzeko presoak aska ditzatela eskatzeko, Bilboko Moyua plazan 24 orduz egingo den ekitaldian parte hartzeko deia ere egin du.
Atzoko protestan parte hartu zuten Bilduko ordezkariek Martin aska dezatela eskatuz udaletan egiten ari diren ekimenen berri eman zuten. Basauriko Udalak (euskal presoa bertakoa da), Martinen egoeraz kezkaturik, mozio bat onartu berri du, bigarrenez. Galdakaoko eta Arrankudiagako udalek ere onartu dute gaixo dagoen preso hori askatzeko eskatzen duen mozioa.
Txus Martin askatzeko eskatu dute auzitegian
Elkarretaratzea egin du Herrira-k Auzitegi Nagusiaren aurrean; Basauriko Udalak bere egin du askatasun eskea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu