Txus Martin Basauritik Langraizera eraman dute

Oihana Agirreren zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, eta preso sartzeko agindu du

Erredakzioa
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gaixotasun larri eta sendaezina duen arren, eta espetxez aldatzerik komeni ez zaion arren, Txus Martin euskal presoa Basauriko kartzelatik Langraizkora eraman dute. Hala jakinarazi du Egin Dezagun Bidea taldeak. Martin berehala aske uzteko exijitu du: «Ez dugu onartzen Martinen biziarekin eta eskubideekin jolasean ibiltzea». Egin Dezagun Bideak azpimarratu du Martinek aske egon behar duela behar duen mediku laguntza izateko.

Espetxeko Zuzendaritzari Martin libre uzteko eskatu dio, eta dei egin du eskaera horrekin gaur 12:30ean Basauriko espetxearen aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko.

Agirre, espetxera bidean

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Oihana Agirreri ezarritako zortzi urteko kartzela zigorra, eta AAMko kidea espetxeratzeko agindu du. AAMn egindako lanagatik zigortu dute Agirre. Lan politikoa «jazarpenik gabe» egiteko eskubidea aldarrikatu du AAMk.

AAMk elkartasuna adierazi dio Agirreri, eta Gorenaren epaia salatu. «Eskubide politikoen aurkako eraso larria da; injustiziazko zigorra ezartzen dio Oihanari, eta, gainera, Euskal Herrian bakea eta demokrazia ezar dadin egin beharreko bidearen kontra jotzen du bete-betean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.