Udal Euskaltegien laguntzak %1,96 baino ez dira jaitsiko

Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek 2010-2011 ikasturterako udal euskaltegien laguntzak hitzartu dituzte

Erredakzioa
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2010-2011 ikasturtean udal euskaltegiak laguntzeko aurrekontua %12,5 jaistea aurreikusten bazen ere, %1,96 jaitsiko dira azkenean. Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek adostu dutenaren arabera, 11.280.350 euro emango dizkie Eusko Jaurlaritzak udal euskaltegiei. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) bitartez banatuko ditu laguntzak Eusko Jaurlaritzak.

Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Jokin Bildarratz Eudeleko presidenteak atzo sinatu zuten hitzarmena, Donostian. Bien arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan dauden 39 udal euskaltegieta 9.000 ikasle baliatuko dira diru laguntzez. Hogei udal euskaltegi Bizkaian daude, hemezortzi Gipuzkoan eta bakarra Araban.

Akordioaren helburu nagusia «udal euskaltegi bakoitzean dagoen euskarazko eskolen eskaera errealari erantzuten saiatzea» dela esan dute Bildarratzek eta Urgellek. Horrela, finantzaketa publikoaren eraginkortasuna «bermatu» nahi duela nabarmendu dute. HABEk, «plan estrategiko» batean lan egin beharko duela ere adostu dute, «ikasle tipologia berriei» egokitzeko. Izan ere, jabetu dira ikasle asko ezin direla derrigorrezkoak diren hainbat eskola ordutara joan. HABE eta udal euskaltegiak berrantolatu egin beharko direla gaineratu dute, Hezkuntza sailburuak gogora ekarri baitu ikasketak euskaraz egin dituztenek ez dutela euskarazko titulu ofizialik aurkeztu beharko.

Pozik azaldu da Urgell, aurrekontuaren jaitsiera %12,5ekoa izatea espero zuelako. Jaitsiera hori %1,96koa izatea miraria izan dela esan du. Bestalde, euskaltegien «lan itzela» goraipatu du: «Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da». Eskerrak eman dizkie Urgellek «egunero euskaltegietan buru-belarri lanean» ari direnei.

Eudel, HABEko Zuzendaritzan

Bildarratz ere harro dago akordio batera iristea lortu dutelako. Udalek euskararekiko «sentsibilitate handia» erakutsi dutela adierazi du, eta beraz, akordioa normalizazioaren bidean onuragarria dela gaineratu du. Hitzarmenarekin, Eudelek «ahotsa eta botoa» izango du HABEren Zuzendaritza Batzordean, Kultura Sailak «beharrezko lege aldaketa proposatzeko» konpromisoa hartu baitu.

Hitzarmen honek soilik bederatzi hilabetez irautea espero du Bildarratzek, bere iritziz, horrek Udalen Legea indarrean dagoela erakutsiko lukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.