Udal Legea egiterako orduan Bildu kontuan ez hartzea egotzi dio Niko Morenok Patxi Lopezi

«Sinesgaitza» iruditzen zaio Jaurlaritzak lege proiektua onartzea koalizioarekin harremanetan jarri gabe

Agentziak
Bilbo
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Udal Legearen proiektua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak, eta ezker abertzalea ez dago konforme Patxi Lopezen gobernuak lege hori egiterakoan aurrera eraman duen prozedurarekin. Bildu kontuan ez hartzea egotzi dio Niko Morenok Jaurlaritzako lehendakariari. «Ez du ezertarako kontuan hartu herri honetako udaletan aurreneko indarra dena», esan du. Hala, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak osatutako koalizioari «ahotsa» emateko eskatu du.

«Sinesgaitza eta absurdua» iruditzen zaio Morenori Bilduren iritzia kontuan hartu gabe Udal Legea aurrera eraman nahi izatea. «Legebiltzarrean islatzen den errealitatea eta herri honetako errealitate instituzional eta sozio- politikoa ez datoz bat», esan du. Lopezen gobernuak zuzenean Bildurekin gaiari buruzko harremanik ez izatea «errealitatearekin zerikusirik ez duen egoera bati eutsi nahian ari direla erakusten duen beste adibide bat» dela uste du Morenok.

Herenegun onartu zuen Udal Legearen proiektua Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Miramar jauregian egin zuen ikasturteko lehen gobernu kontseiluan. Orain, Eusko Legebiltzarrera eramango dute proiektua, eta han eztabaidatu eta bozkatuko dute alderdiek. Oraingoz, ez du aurrera ateratzeko behar beste babes.

Bilduk ez du ordezkaritzarik legebiltzarrean, baina udaletan babes gehien duen indarra da. Hori horrela, koalizioarekin harremanetan jartzeko asmorik ez al duen galdetu zioten Lopezi herenegun, gobernu kontseiluaren ostean. Jaurlaritzako lehendakariak esan zuen koalizioak Eudelen bitartez parte har dezakeela prozesuan. Jakina da Bilduk udalen elkartean sartzeko asmoa duela. Eudel «solaskide baliotsua» izango dela esan zuen Lopezek. «Testua udaletara eta diputazioetara ere igorri dugu», gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.